Neymarrek hartu du bandera

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Zarrabeitia 2014ko ira. 13a, 18:57

Lehiakor azaldu da Athletic Camp Noun, baina brasildarrak partidaren hondarrean sartutako bi golek zurigorrien itxaropenak zapuztu zituzten (2-0)

 

 

Diada eta hirugarren mendeurreneko ospakizunen harira, Bartzelonak senyera-ren koloreak dituen elastikoa jantzi du. Ligan, aurreneko aldiz, etxean jokatutako partida batetan, kataluniarrek ez dute kamiseta blaugrana erabili, Europako txapelketetan ordea, egoera hau aspaldi emana zegoela. Fernandez Borbalan epailearen oniritziarekin, Athleticek keinuari ikurrinaren koloreak dituen elastikoa baliatuz erantzun dio. Banderen partida, elementu sinbolikoak munduan milioika ikusleren aurrean. Bi taldeak kirol ikur handiak dira eta gaur euren herrietako marka eta izaera erakutsi dituzte munduaren aurrean. Azkenean, bandera altxatu duen bakarra Neymar izan den arren, bera izan baita Bartzelonari haizea eta arnasa eskaini diona, zurigorrien mugimendua eta ahalegina indargabetuz.

Itxura aldatuta dator aurtengo Bartzelonak, Luis Enriquek izaera berritua eman dio taldeari eta bere ideiak dagoeneko eragina izaten ari dira. Aurrean, ideiak argi eta ondo olioztatutako egitura sendoa duen Athletic. Egoeraren jakitun, zurigorriak oldarkor zelairatu dira eta Muniain eta Beñat Etxebarriaren artean egindako jokaldi bati esker, gola egitekotan egon ziren partida hasi eta berehala. Lehen abisu honek blaugranak suspertu ditu eta Gorka Iraizozek kontrako lehen gola eragotzi behar izan du seigarren minutuan.

Kataluniarren jokoak erdigunea zuen ipar, nahiz eta Ivan Rakiticek hegaletik soluzioak eskaini. Messi, Pedro eta Munirren mugikortasuna izan dira buruko minik nagusienak. Marokoar jatorriko gazteak parte hartze handia izan du, uneoro arriskua sortuz. Epaileak horrela ikusi ez badu ere, Gurpegik penalti argia egin dio, Andosillarrak aurrelaria modu inozoan bultzatu baitu. Bartzelonak izan dituen aukerarik onenen protagonista izan da Munir, batzutan Iraizozek eta bestetan berak hartutako erabaki txarrak markagailuko emaitza bere horretan mantentzea eragin dute.

 

 

Valverderen mutilek lehen eskerga egin dute, oreka taktikoa mantenduz eta intentsitate altuko partida planteatuz. Izan ere, grina eta tentsioa dira zurigorrien indargune nagusietako batzuk eta gaurkoan ere bide horri eutsi diote. Aukera gehiegirik sortu gabe, Iturraspek ustekabean egindako jokaldi bat izan da abagune nagusia. Azken minutuetan, Bartzelonak presioa areagotu, lerroak aurreratu eta arrisku handia eragin du. Berriro ere, Gorka Iraizozek maila bikaina erakutsi du. Antsoaindarraren denboraldi hasiera zoragarria da.

Atsedenaldiaren ondoren, Athleticek baloiaren kontrola errekuperatu du eta arerioak zailtasun fisiko gehiago izan ditu. Pilotaren jabetza altuago batekin, joan-etorriko partida bat irudikatzen hasi da. Kolpeak elkartrukatzeako prestatu dira zurigorriak. Emaitza positibo bat eskuratzeko sentsazioarekin blaituz. Bitartean, Iraizozek Albaren jaurtiketa on bat atera du beste behin.

 

 

Aldaketek erabaki dute norgehiagoka

Epaileak ere zeresana izan du, Munirren gol bat baliogabe utzi eta Piquek Iker Muniaini egindako penaltia adierazi ez dituelako. Partidaren azken zatian edozer gertatu zitekeen eta bi entrenatzaileek euren piezak mugitu dituzte, anbizio handiarekin gainera. Luis Enriquek asmatu du, Valverdek planteatutakoak ez dute hainbesteko eragin positiborik izan.

Munir gaztea kendu eta Neymar zelairatu dute blaugranek, Athleticek Unai Lopez eta Ibairen aldeko apustua egin du, Susaeta eta Beñaten ordez. Sakontasun gehiago eskaini dio brasildarrak Bartzelonari eta bizkaitarrek partidaren gidaritza galdu dute berriro. Laportek baloia ateratzeko orduan egindako akatsa Busquetsek probestu du, azkar Neymarri eman eta honek markagailua zabaltzeko.

Maldan gora, kasik laurden bat zuten aurretik zurigorriek berdinketa lortzeko. Alferrik, oraingoan ere Camp Noutik esku hutsik bueltatu direlako. Txingurrik Borja Vigueraren zelairatzearekin azken erregai apurra xahutu du. Egoera zaila zen eta definitiboki zapuztu da, Messiren jokalari on bat baliatuta Neymarrek bigarren gola egin ostean. Bere arazo fisikoak atzean utzita eta selekzioarekin maila altua eman ondoren, gogotsu itzuli da Bartzelonara. Berak hartu du kataluniarren bandera eta Bartzelonak hiru puntuak lortzeko ezinbesteko izan da.

Pena Athleticentzat, lan eskerga egin ondoren eta ostera ere onenen aurka lehiatzeko gai direla erakutsi ostean, partida galdu dutelako. Dena den, etxera itzuli eta gaurko porrota ahazteko unea da. Hau ez da behin ere gelditzen eta asteazkenean erronka berri eta ezin erakargarriagoa datorrelako, Txapeldunen Ligako debuta. Giroa ziurtatuta dago eta garaipen batekin hastea giltzarria da. Ilusioak ez du etenik.

 

Argazkiak: Getty Images, LFP eta Athletic Club