Athletic

Inork ez zuen esan erraza izango zenik

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Zarrabeitia 2014ko ira. 18a, 10:02

Argazkia: http://www.athletic-club.net

Ongi etorriak Txapeldunen Ligara! Athleticek errealitate gordinarekin topo egin du San Mamesen. Zurigorriek eskarmentu, diziplina taktiko, maila tekniko eta indar fisiko altuko taldea topatu dute Shakhtarrengan. Azkenerako, Europako onenen arteko lehia gogorraren lehen kapituluan berdinketa ontza eman dute biek. (0-0)

Mircea Lucescuk maisuki gidatzen du Donbasseko taldea eta ez da kasualitatea azken urtetan etengabe goi mailako jokalariak saldu dituen arren –Fernandinho, Mkhitaryan edo Willian, besteak beste eta oso garesti- bloke lehiakorra mantentzea. Aurreko denboraldian, Europako 16 onenen artean egon ziren eta Realari sei gol egin zizkioten, aintzat hartzeko moduko datuak denak.

Athleticek erronka zaila du esku artean eta lehenengo partidan berresteko aukera izan du. Zozketaren egunean, izenek zuten pisu nagusia, berdegunean ordea izaerak agintzen du. Eta alde horretatik, Shakhta

rrek gauzak argi ditu. Bilbon, zurigorrien bertute nagusiak zeintzuk diren argi ikasita zeukatela berehala antzeman da. Iturrasperen jokoa erabat itotzen saiatu dira eta abadiñarra ez da eroso sentitu, Muniainek eta Ibaik ez dute hegaletik sartzeko aukerarik apenas izan, Adurizek goitik etorritako oso baloi gutxi irabazi ditu bi erdiko atzelarien kontra eta lehoien abagunerik onenak De Marcosen korrikaldi luzeen bitartez iritsi dira.

 

 

Presioa, joko itxia eta kontraerasora ateratzea ziren Lucescuren mutilen nahiak eta hein batetan partida euren erritmora dantzatu da. Larunbatean Nou Camp-en suertatu zen bezala, Gorka Iraizoz izan da zurigorrien jokalaririk aipagarriena. Hala ere, norgehiagoka hasi eta berehala, istorio erabat desberdina kontatzekotan izan gara, Mikel Ricok bizkaitarrak aurreratzeko aukera bikaina izan du baina Arrigorriagako erdilariaren jaurtiketa kanpora joan da.

Minutuak pasa ahala, Shakhtarrek bere nagusitasuna inposatu du, Athleticen erritmoa trabatuz eta euren eremuan kasik sufritu gabe. Ahal zuten heinean, erasoko jokoan dituen aurrelari brasildarren mugikortasunarekin arriskua zekarten jokaldiak sortuz. Iraizozek bitan, jaurtiketa onak desbideratu ditu. Intentsitatea nagusi zen, bero heze eta sargoriarekin lehiatutako partidan. Bi taldeek fisikoki lan ikaragarria egin dute eta edozein akats oso garesti ordaindu zitekeen.

Bigarren zatiaren hasieran lehengo lepotik burua. Athleticek pareta topatu du Donbasseko taldearen planteamenduarekin. Valverdek aulkia mugitu eta Markel Susaeta zelairatu du Beñaten ordez. Arratiarrak ez du egun ona izan, baina orokorrean jokalari zurigorri guztiek ez dute euren mailarik altuena eman. Eibartarraren sarrerarekin lehoiek sakontasun gehiago izan dute eta gehiagotan iritsi dira Shakhtarren area ingurura. Zorte gehiago ala gutxiago izan, Susaetak ekarpen erraldoia egiten dio Athletici.

 

 

Lau minutu beranduago, Shakhtarreko jokalariek protesta ugari egin dute epaileek baliogabe utzi dieten golaren ondoren. Esan bezala, partidak ahalegin fisiko altua exijitzen zuen eta Iker Muniainek igarri zuen. Txantreakoak lehertuta amaitu zuen eta Ager Aketxeren debuta iritsi zen. Erromoko jokalariak ametsa bete eta minutu txukunak jokatu zituen. Hala ere, hegaletatik dinamismo gehiago zegoen arren, Pyatov atezainak ez du askorik sufritu.

Valverdek azken aukera baliatu du Guillermorekin baina ezinezkoa izan da oreka apurtzea. Berdintasun eta tentsio handia egon da, esfortzu handia egin dute bi taldeek puntu bana lortzeko. Jakitun pareko maila dutela, azken minutuetan arrisku handiak hartzeari uko egin diote. Oraindik bost jardunaldi falta dira eta aukera guztiak bere horretan mantentzen dira bai Athleticentzat bai Ukrainiako taldearentzat.

Oportok dagoeneko abantaila hartu du BATE Borisoven aurka lortutako gol festaren ondorioz, baina hau hasi besterik ez da egin. Eta argi dago ez dela batere erraza izango. Athleticek gaur baino sakontasun, argitasun eta arrisku gehiago erakutsi beharko ditu Bielorrusian. Jauzi handia baitago Espainiako Ligako talde gehienen maila eta Txapeldunen Ligan dauden ia guztien potentzialaren artean.

 

Puntu batekin hasita, urratsez urrats jarraitu beharko dute zurigorriek. Bitartean, ezin izango dute Liga alde batetara utzi, larunbatean Caparrosen Granadari aurre egin beharko diote. Shakhtarren kontrako partida intentsitate altukoa izan denez, baliteke andaluziarren kontra Iraola, San Jose edo Susaeta bezalako jokalariak hasieratik aritzea.

 

Argazkiak: Athletic Club