Bartzelonan eta Shakhtarren aurkako partidetan prestatzaile zurigorriak konfiantza gehien sorrarazten dizkion futbolariak zelairatu zituen hasieratik. Gaur, aldiz, pilatutako nekea eta partiden errenkari aurre egiteko, gasteiztarrak jokalari berriei aukera eman die. Arazo fisikoak edo errotazioak medio, Iraola, San Jose, Etxeita, Erik Moran eta Unai Lopez titular izan dira baina taldea bere orokortasunean izan da lehia kaxkarra burutu duena.
Hori bai, Vallecasen jokatu arte bederen, Athleticen inguruan zalantza ezberdinak piztuko dira. Eztabaidaren nondik norakoak bi puntu nagusitan zentratuko dira: Plantillaren sakontasunean eta Txapeldunen Ligako partidek dituzten efektu bortitzei aurre egiteko modurik eraginkorrena zein den topatzea. Izan ere, Granadaren kontra armairua zabaldu dute lehoiek eta barrura begiratu ondoren zalantzekin jantzita atera dira.
Intentsitate, erritmo, sakontasun eta oldarkortasunik gabe zelairatu dira zurigorriak eta oso garesti ordaindu dute. Caparrosek bere ohiko planteamenduei eutsi die, ordena taktikoa, presioa eta kontraerasora ateratzeko asmo garbia. Partida andaluziarrek eraiki nahi zituzten zutabeen gainean jokatu da lehen zatian. Gorka Iraizozen berriro ere geldiketa ona egin behar izan du lehen abisuan, baina bigarrrean Granadak ez du barkatu. Iturraspek egindako akats handi baten ondoren, John Cordoba kolonbiarra atearen aurrean geratu da eta partidako gol bakarra egin du. Txanpona Caparrosentzat atera da, aurretik Robertok sekulako geldiketa egin dio Adurizi, gurutzea donostiarrarentzat.
Atsedenaldiaren ondoren, Viguera zelairatu du Valverdek eta taldeak jarrera hobea erakutsi du lehen minutuetan. Are gehiago, Mikel Rico sartu duenean. Arrigorriagakoak beste martxa bat gehitu dio Athletici eta orduan hasi dira lehoien minuturik onenak. Baina alferrik, arbitroak Adurizi egindako penalti argia adierazi ez eta Granadak partida ahal zuten guztietan geratu duen arren, bizkaitarrek ezintasun ariketa handia erakutsi dute. Adurizek eta San Josek izan dituzte berdintzeko aukerarik onenak, baina jokoak ez zuen batere argitasunik.
Viguera eta Muniain erdialdera mugitu dira Guillermo berdegunera irten denean, baina hegaletatik sartzea kostatu izan zaio taldeari eta bide horretatik zaila da arrisku garbia sortzea. Paretaren kontra edo Robertoren aurka jo du Athleticek, ezinean. Aitzakiarik gabeko porrota sinatu dute gaur zurigorriek.
Horiek horrela, astean zehar Vallecasen lehiatu beharreko norgehiagokak berebiziko garrantzia hartzen du. Hiru puntu lau jardunalditan uzta eskasa da Athleticen mailako talde batentzat. Txapeldunen Ligako dirdira eta esfortzuak ondorioak dituzte –askotan saria ere- baina Ligak ematen du erregulartasuna. Beraz, sailkapenean atzean ez geratzea komeni zaie lehoiei. Orain, ikusi behar aste bakarraren baitan berriro ere hiru partida jokatu behar direnez, Rayoren aurka ere errotazioak dauden ala ez. Momentuz, armairuaren irekierak zalantzak ekarri ditu. Hauek eranzteko txanda dator orain.
Argazkiak: Athletic Club