Granadaren kontrako porrota jaso ondoren, Ernesto Valverdek talde honi une txar bat igarotzea falta zitzaiola adierazi zuen. Aurreko denboraldiko eta Napoliren aurkako kanporaketako jardun onak zurigorriak dinamika positibo baten baitan murgildu zituen. Baina, apenas 10 egunetan, egoera dezente aldatu da. Ligan errenkadan jasotako hiru porrotak eta erosoko jokoa modu egokian garatzeko erakutsitako sakontasun eta argitasun faltak kezkak sortu ditu.
Heldu da entrenatzaileak aipatzen zuen momentu zail hori. Eskarmentu handiko aldagela du Athleticek, teknikoki eta mentalki trebatua dagoena. Emaitzek zalantzak piztu dituzten arren, klubaren ingurune osoak hobe luke elkarrekin egoteko tartea dela sinestea. Liga hasi besterik ez den arren, hobe da ahalik eta azkarren atzoko multzotik ateratzea. Horretarako aurreneko aukera larunbatean Eibarren kontra jokatu beharreko lehiarekin batera helduko da. Armaginak txapelketa hasiera bikaina burutzen ari dira eta zurigorrien heldutasun konpetitiboa neurtzeko neurgailu bikaina izango dira.
Gaur Vallecasen erakutsitakoa baino maila hobeago eman beharko dute lehoiek partida irabazi ahal izateko. Lehen 30 minututan partida kontrolpean izan duen arren, alferrik galdu dute ereindako abantaila. Zelaiaren neurriek eta bi taldeek erdigunean pilatutako jokalarien kopuru altuak, zurigorriek ohi baino gehiagotan baloi luzeekin jokatzera derrigortu ditu. Horrekin batera, Rayoren ideiak trabatu asmoz, Valverdek Rico eta Beñaten posizioak elkartrukatu zituen, Arrigorriagakoak presio aurreratua egin zezan. Eta hasiera batetan baliabide taktiko honek emaitzak eman ditu. Apurka partidaren norabidea kolore zurigorria hartzen hasi da eta ezker hegalean Muniainek Quini zoratu du.
Jemezen aldaketa, etxekoen berdinketa
De Marcos, Beñat eta Adurizen artean osatutako jokaldi ederrak donostiarraren gola ekarri zuen. Dena alde zuen Athleticek eta nagusi izaten jarraitu du. Quinik Muniaini egindako penalti argia adierazi gabe utzi zuen du epaileak eta partida erabat aldatu zezakeen unea bilakatu da hau. Rayoko atzelariak bigarren txartel horia ikusi zezakeelako. Hala ere, argi utzi behar da Athleticek gaurko partida galdu badu, bereziki berak erakutsitako gabeziengatik izan dela eta ez arbitroaren lanagatik.
Egoera horren jabe, Paco Jemezek arrisku iturri hori moztea erabaki du. Tito zelairatzearekin batera, Txantreako jokalariaren minuturik onenak amaitu ziren. Horiek horrela, zorigaitzak ere bere lekua topatu du. Denboraldi hasiera bikaina egiten ari den Gorka Iraizozek huts nabarmena egin zuen Licaren erdiraketa batetan. Antsoaingoak ezin izan du baloia hartu eta Baptistaok berdinketa lortu du. Atsedenaldira bitartean, Rayo nagusi izan da.
Aldageletatik bueltan, ezustekoa. Paco Jemezek atezaina aldatu du, Toño Cristian Alvarezen ordez. Eta Vallecasekoek berriro ere aukera bikoitza izan zuten, Iraizozek ongi geratu zuen Licaren jaurtiketa eta ondoren Kakutak aldaratzea baliatzerako unean huts egin zuen. Athletici bere ohiko jokoa egitea kostatzen zitzaion, nahiz eta Adurizek berriro ere gola egiteko aukera izan du. Donostiarraren burukada Toñok eragotzi du modu ikusgarrian.
Valverdek Viguera zelairatu zuen eta Rayok Manucho. Joko zuzenean oinarritutako aldaketak izan dira baina minutuak aurrera egin ahala partida etxeko taldeak jarritako intentsitatearen neurrira jokatu da. Athleticen akatsak eta aukerak sortzeko ezintasunak sentsazio hori areagotu dute.
Manuchok Rayoren bigarrena egiteko aukera izan du baina Iraizozek ondo erantzun dio, baina kolpea arauzko denbora amaitzeko minutu baten faltan iritsi da. Kakutak egindako erdiraketa bikaina Baptistaok errematatu du. Lehen unean Iraizozek gelditu ahal izan badu ere, baloia berriro ere aurrelari brasildarrari etorri zaio eta ez du barkatu.
Bost jardunaldi, lau porrot eta hiru puntu. Balantze eskasa Athleticen maila duen talde batentzat. Egoera ez da erraza eta Eibar aurkari zaila izango da larunbatean. Hortaz, zauriari gatz gehiago botatzea baino edo eragin daitezkeen orbainei begira egotea baino, talde zurigorriaren ingurune osoak elkarrekin egon behar du orain. Hau hasi besterik ez da egin, gauzak nahi baino gehiago konplikatu dira, baina lasaitasuna, pazientzia eta enpatia mantenduz, posible da egoera bere onera itzultzea. Arazoen iturburuak bat baino gehiago dira, bada zer hobetu eta hausnartu. Bitartean, emaitzen ondoezari aurre egiteko errezetarik onena egindako akatsak zuzentzeko elkarrekin eta modu proaktiboan lan egitea da.
Argazkiak: FIFA.com