Athletic

Kristalezko matelezurra mila zatitan apurtua

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Zarrabeitia 2014ko urr. 6a, 08:43

LFP

Aurreikusitako gidoirik okerrenaren ezaugarriak bete ditu Athleticek Real Madrilen aurka jasotako porrotak. Cristiano Ronaldok partida hasi eta berehala egindako golak erabat markatu du lehia eta Iraizozen geldituengatik izan ez balitz, zurigorriek jipoi historikoa pilatzekotan egon dira. Orain, selekzioen partidak direla-eta, bi astetako etenaldia izango du taldeak. Badute zer hausnartu eta hobetu, fisiko zein psikologikoki Valverde eta bere jokalariak. (5-0)

Ezer gutxi esan eta idatzi daiteke bost eta hutseko baten ondoren. Emaitza mingarri honekin, Athleticek aste beltz bati amaiera eman dio, Borisoven galdutako partidari eta sentsazio txarrei segida emanez gainera. Zurigorriek plaza zaila zuten egoera iraultzeko eta zauriak orbain bihurtu beharrean, min gehiago eragiten dute orain.

Zeuden esperantza apurrak usatzeko, Cristiano Ronaldok bigarren minutuan egindako golak panorama erabat ilundu du. Balek Balenziagari eragindako buruko mina etengabekoa izan da eta hortik etorri dira Real Madrilen aukerarik onenak lehen zatian. Boxealarien antzera, erdi zorabiatuta daukan arerioarekin jolasean aritu dira Ancelottirenak. Kristalezko matelezurra kolpe baten bidez puskatzen diote Athletici.

Saiatu dira lehoiak, kornerren bitartez edo Muniainek egindako jaurtiketa on batekin. Ezer gutxi, buruan zanpateko handia eta odoletan egon den Beñatek taldearen sufrikarioa islatu du. Ezintasun ariketa berria bizkaitarrentzat, intentsitaterik gabe, berandu, lehia ia guztiak galduz eta orokorrean beharrezko oldarkortarsunik gabe. Cristianok lehen zatiaren hasieran ireki du markagailua eta atsedenaldira iristeko bost minutu baino gutxiago falta zirenean Benzemak partida erabakita utzi du. Baliteke frantziarrak Balenziaga eta Gurpegi bultzatu izana.

Aldageletatik bueltan, Valverdek Ibai zelairatu du. Santutxuarra mindutako Beñaten ordez sartu da, baina lehengo lepotik burua. Gauzak ez dira batere aldatu eta Cristiano Ronaldok hirugarrena egin du. Une horretatik aurrera, zaborraren minutuetan erabat murgilduta, Athleticek gehiegi sufritu du. Real Madrilek beste bi gol lortu ditu eta zuriek talde bizkaitarraren mina eta egoera psikologikoa kolpatzen jarraitu dute.

Gorka Iraizozen geldituengatik izan ez balitz, bilbotarrek porrot historikoa jasotzekotan egon dira. Bost gehiegi dira, nahikoa. Azken minutuetan, Valverdek Xabi Etxeita zelairatu du, Gurpegiren posizioa aurreratuz eta Andosillakoa Iturrasperekin batera zelai erdian kokatuz. Ikusiko dugu frogak jarraikortasuna duen edo berehalako esperimentua izan den.

Egun Europako txapelduna den taldearen aurka galtzea logikaren baitan sartzen den zerbait da baina badira digeritze zaila sortzen duten hainbat datu: Gol aukera bakar bat ere sortzeko gaitasun falta, egindako faltak bi eskuetako atzamarrekin zenbatzeko zailtasunak edo berriro ere Gorka Iraizoz taldeko jokalaririk onena izan da.

Gaurkoa bezalako emaitzak mingarriak dira oso, baina entrenatzaileak Santiago Bernabeuko media aretoan esan duen bezala, horrelako krisialdietatik guztion bultzadarekin ateratzen da. Napoliren kontra helburua gauzatu ondoren taldeak eztanda egin zuela onartu du Valverdek, biharamunak ondorio latzak utzi ditu momentuz. Etenaldia dator, bi astetan zehar teknikariak bere jokalariak fisikoki zein mentalki berreskuratu beharko ditu. Laporte, Muniain eta Iturraspe kanpoan izango dira, besteak Lezaman. Urduritasun puntu bat sumatzen ari da ingurunean, sailkapenek agintzen dute.

Hori bai, ezinbestekoa izango da joko eta sentsazio hobeagoak helaraztea, baita hamaikakoan aldaketak egitea eta beharra izanez gero harrobian erreparatzea. Celta, Almeria eta Oportoren aurkako partidek kurtso osoko norabidea markatu dezakete. Zulotik ateratzeko gako nagusiak, zauri eta kolpeetatik osatzea, joko maila egokia berreskuratzea eta konfiantza bere horretara bueltatzea dira.

Argazkiak: Athletic Club, LFP eta FIFA.COM