Athletic

Hamargarrenean, behingoz

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Zarrabeitia 2014ko urr. 27a, 09:05

Xabi Etxeitak bigarren zatian lortututako gol baten bitartez, Athleticek azken astetan pairatu duen bolada txarrari amaiera eman zion larunbatean. Garaipena eskuratu gabe bederatzi partida errenkadan eman ondoren, zurigorriek arnasa hartu dute Almerian (0-1).

Hiru puntuen beharra zuen Valverderen taldeak, sailkapenak itotzen zuen eta astean zehar Porton jasotako porrotak ez zuen beste aukerarik eskaintzen. Garaipena sufrimendua eta lanaren bidetik iritsi da, premiak itota. Teknikari gasteiztarrak aldaketak egin ditu beste behin ere eta gaurkoan Xabi Etxeitaren presentzia izan da berrikuntza nagusia, azkenerako zornotzarraren parte hartzea erabakigarria izan da.

Uda giroan abiatu da norgehiagoka eta Athleticek ez du gaizki heldu. Korner baten bidez bai Laportek bai Etxeitak bilbotarrak aurreratzeko aukera izan dute baita ondoren Munianek egindako jaurtiketarekin. Hala ere, hasiera ona berehala urtu da, Almeriak partida trabatua planteatu baitu, zurigorrien larritasun zantzuak baliatu asmoz.

Athleticeko jokalariei asko kostatu zaie gol aukera garbiak sortzea eta etxeko taldeak ere ez du Gorka Iraizoz arriskuan jarri. Lehen zatiak ez du askorik utzi, ia ezer ez. Aldageletatik bueltan, berdin antzera. Soluzioen bila, Valverdek Beñat kendu eta Iraola sartu du. Usurbildarrak defentsako eskuin hegala hartu du eta De Marcos erasoko jokoaren pieza berria bilakatu da berriz. Guardiakoa taldeko komodin nagusia da.

 

 

Puntu bakarra eskuratzea ez zen nahikoa, aurrerapausoa beharrezkoa zen. Ezinbestekoa inklusa. Abagune garbiak sortu ezean, geldikako jokaldiek edo une isolatu batek erabaki behar zuen oso modu astunean lehiatzen ari zen partida. Horiek horrela, bigarren baloien garrantzia azaldu da beste behin ere. Oraingoan zurigorriek zortea alde izan dute eta Ricoren jaurtiketa txar baten ondoren, Adurizek pilota ukitu eta azkenean Xabi Etxeitak Ruben atezaina gainditu du. Zornotzarrak saria jaso du, bai gaur bai Porton oso maila ona eskaini duelako. Aldizkatze berria hamaikakoan jarraikortasun handiagoarekin azaltzeko.

Behin markagailuan aurre hartu ondoren, Valverderen mutilak partida kontrolpean izaten saiatu dira, kontraeraso baten bidez bigarren gola egiteko asmoarekin. Aduriz gertu egon da, baloi ona lapurtu du donostiarrak baina aukeraketa txarra egin ostean arriskua zapuztu du. Almeriak susperraldia bilatu du Thievy zelairatuz eta frantziarrak beste dimentsio bat eman dio andaluziarren erasoko jokoari.

Lehoiek garaipena erdiesteko sufritu behar izan dute. Aipatu bezala, aldaketekin Almeriak sortzen zuen arriskua areagotu da. Aurrena Thievyk berak langara bidalitako jaurtiketa bikainarekin eta ondoren Gorka Iraizozen aurrean gaizki ebatzitako aukeran. Taldearen defentsako sendotzeko intentzioarekin, Unai Bustinzak debuta egin du. Zurbaranbarri auzoko atzelariak ametsa kunplitu eta eskuin hegala bete du partidaren hondarrean, ondorioz Iraolak aspaldiko partez posizioa aurreratu du.

 

 

Azken minutuetan Etxeitak Sorianori egindako penaltia eskatu dute andaluziarrek, alferrik, bere burua botatzeko ahalegin guztiak egin dituelako Osasunako jokalari ohiak. Thievyk eta Coronak etxekoei eskainitako freskotasunak eragindako estualdia igaro ondoren, partida Almeriaren area inguruan amaitu da. Eta, bide batez, Athleticen bolada txarra ere bukatu da. Kasik bi hilabete partidarik irabazi barik, bederatzi lehia errenkadan eta bidetik modu hutsalean galdutako hainbat puntu.

Amaitu da, hain beharrezkoak zituzten puntuak eta arnasa hartu dute lehoiek. Partida itsusia izan da bai, txarra eta inolako dirdirarik gabekoa baina garaipena lortuta itzultzen da Athletic. Helburua beteta, aste lasaiagoa izango dugu eta bazen garaia. Orain, berriro ere, urratsez urrats, konfiantza berreskuratu eta postuak igotzen hasteko unea da. Hurrengo aurkaria termometro ezin egokiagoa izango da, Sevilla zain du San Mamesek.