Portoren kontra Txapeldunen Ligatik kanpo geratu ondoren, Athleticek erronka zaila zuen Turia ibaiaren hirian taldearen inguruan egonkortu den pesimismoa iraultzeko. Emaitza on batek Europako zapore txarra leundu eta Ligan puntuak eskuratzeko aukera bikaina eskaintzen zuen. Orain, nazioarteko partidak direla-eta, etenaldian lasaitasuna eta arazo fisikoak dituzten jokalariak berriro aktibatzeko aukera izango du Valverdek.
Asteazkenean egin zuenaren antzera, emaitza oso ezberdinarekin ordea, entrenatzaile gasteiztarrak hamaikako eraberritua aurkeztu du. Borja Viguera eta Unai Lopez izan dira berrikuntza nagusiak, Iraola, Etxeita, De Marcos edo Guillermoren parte hartzea izan duen ekipoan. Lana erruz egin dute jokalari zurigorriek, bereziki Valentziak izan ohi duen partiden hasiera oldarkorra deuseztatzeko. Lortu dute, Nuno-ren mutilen lehen gol aukera garbia 24 minutu igaro ondoren iritsi da, Piattiren jaurtiketa baten bidez. Ondoren, Andre Gomes ere saiatu da, eraginkortasun berdinarekin.
Intentsitate eta abiadura handian jokatu da lehen zatia, berdegunearen egoerak laguntzen ez zuen arren. Uneoro altxatu, jokoa eragotzi eta futbolarien osasuna arriskuan jar zezakeen Mestallako belardiak. Fisikoki ahalegin handia egin dute bi taldeek eta ondorioak berehala antzeman dira, Guillermo Fernandez partida utzi behar izan baitu. Arrigorriagako aurrelariak min hartu eta Beñat Etxebarriari utzi dio bere lekua. Aulkian zegoela, Guillermok ezin izan dio frustrazioak eragindako malkoei eutsi.
Igorreztarraren sarrerarekin Athleticek jokoaren kontrol handiagoa izan du, bereziki atsedenaldiaren ondoren. Baina, aldageletara joan aurretik, zurigorriek markagailuan aurre hartzeko aukera izan dute De Marcosek izandako abagune bikainaren bidez. Guardiakoak burukadak Unai Lopezek emandako pase zoragarria osatu du. Donostiar gazteak berriro ere hasieratik jokatzeko aukera izan du eta maila egokia eman du.
Bigarren zatiaren hasieran, Valentziarren enbata aurreikusten zen baina Athleticen aterkiak arriskua aldendu du. Defentsako lan sendo eta serioarekin eta zelai erdian egindako borrokari esker, zurigorriek ez dute apenas arrisku garbirik sufritu, ezta ere Alvaro Negredo zelairatu denean. Alcacer, Rodrigo, Gayá edo Feghouli bezalako jokalariei erantzun egokia eman diete lehoiek.
Oreka eta egonkortze lanetan, Ricok, Iturraspek eta Beñatek lan ona egin dute, fisikoki ere partidari aurpegia galdu barik. Minutuek aurrera egin ahala, Athleticek gehiago zapaldu du Valentziaren eremua. Ekinbide horretan, Valverdek denboraldi honetako lehen aukera eskaini dio Kike Solari. Cascanteko aurrelaria langile eta grinatsu azaldu da. Hala ere, aukerarik onenak geldikako jokaldietan ailegatu dira.
Korner jaurtiketetan nagusi azaldu dira lehoiak, kuantitatiboki behintzat, baina ez dute etekinik atera. Modu horretatik arrisku handiegirik sortu ez badute ere, partida amaitzeko bost minutu eskas falta zirenean, Beñatek ateratako falta batetan Xabi Etxeitak garaipena lortzea gertu izan du. Almerian erakutsi zuen gisara, zornotzarrak kokapen egokia bilatzen du aurkariaren eremu barruan. Juegos del Mediterraneo futbol zelaian gertatu zenaren kontra, gaur Diego Alvesek gola eragotzi du, atezain brasildarrak bere selekziora joateko izan deia justifikatuz. Aurpegiarekin atera du baloia, baina bere erantzuna oso azkarra izan da.
Azkenean, puntu banaketa izan da eta zurigorriak pozik itzuliko dira Bilbora. Ligako azken hiru partidetan zazpi puntu eskuratu dituzte eta ez dute golik jaso, taldearen lehiakortasuna eta autoestimua indartzen duten datuak dira. Ildo horri eutsi beharko dio Valverderen taldeak nazioarteko partidek eragindako etenaldiaren ondoren.
Argazkiak: EFE, AFP eta LFP