Urak bere bidera itzultzen ari dira, “krisia” bezalako hitzak eta bere eskutik datozen mamu guztiak lurperatu eta jokalarien egoera fisikoaren inguruko eztabaida fisikoak ere agur esan digu. Emaitzak dira kotoiaren frogarik handiena, partidak irabazita dena beste modu batetara ikusten baita. Irribarreak itzuli dira, tentsioak astindu eta euren jarduna zalantzapean zuten jokalariek ere euren mailarik onenera hurbiltzen ari da. Ispilu futbolistikora begiratu eta euren buruak errekonozitzeko beta dute orain zurigorriek.
Athleticek dinamika positiboari jarraipena eman dio gaur Getafen, apurka goiko postuetara gerturatzen ari dira lehoiak, dagokien gunera. Talde madrildarraren aurka, Valverdek berriro ere Beñat Etxebarriaren posizioa atzeratu du eta aldaketak fruituak eman ditu. Igorreztarrak taldearen lidertza hartu du zelai erdian eta jokoan izan duen parte hartze handiagoak eragin bikaina izan du. Betiseko jokalari ohiari laguntzeko, Iturraspek eta Ricok lan fisiko aparta egin dute. Solte geratzen ziren baloi guztiak lehiatuz, talka guztietan gailenduz eta taldeak behar duen oreka bermatuz.
Ukrainian suertatu zen gisara, geldikako jokaldiek berriro ere zurigorrien uzta handitu dute. Kasu honetan, korner jaurtiketa baten ondoren iritsitako gol batek ireki du markagailua. Berriro ere Beñatek baloia arean ipini eta San Josek saretara bidali du. Lviv-eko konexio berdina, susmopean egondako bi futbolariren aldarri oihua. Aurre hartu baino lehen nagusi ziren lehoiak, baita ondoren ere. Defentsan gehiegi sufritu gabe eta erasoan arrisku asko sortu ez arren, baloi jabetza, intentsitateak eta nagusitasun irudiak bizkaitarren jokoa laguntzen zuen.
Bide beretik saiatu arren, begirren zatiaren hasieran Getafek aurrera egin du. Argitasun eta sakontasun askorik gabe, bere zaletuen kritika zorrotzen artean, Iraizozen eremura gerturatu dira. Babak izan du aukerarik onena, afrikarrak airean egindako jaurtiketa bikainari Antsoaingo atezainak ere erantzun paregabea eskaini dio. Zelai erdia indartu asmoz, Valverdek Shakthtarren kontrako partidan deialditik kanpo utzitako Ibai sartu du eta ondoren Gurpegiren txanda izan da. Andosillarrak Rico ordezkaru eta atzelarien aurretik aritu da.
Urdinen artean, taldeko zuzendaritzarekin zalaparta itzela izan duen Pedro Leon zelairatu da. Murtziarraren gaitasun teknikoa eta geldikako jokaldietan duen maisutasunak mehatxu berria suposatzen zuten Athleticentzat. Baina, hala izanik ere, bilbotarrek ere badute profil antzeko jokalaria eta bera izan da partida erabaki duena. Hainbat zurigorri biltzen zituen porteriaren aurrean, partidaren hondarrean, Beñat Etxebarriak taldearen bigarren gola egin du falta jaurtiketa baten bitartez. Partida bikaina borobiltzeko saria, Athleticera itzuli zenetik, gaurkoa izan da igorreztarraren norgehiagokarik onena.
Lehia erabakita zegoen eta orduan iritsi dira bizkaitarren gabezi bakarrak. Bigarren gola ospatzen ari zirela kasik, Lafitak aldeak murriztu ditu luzapenean. Azkeneko bi minutuetan, Getafek baloia Athleticek area barruan sartu du eta Iraizozek berdinketa ekidin du. Azken uneko sustoa, hobetu beharrekoa, baina behin epaileak bukaera adierazi duenean, zoragarriek zein zaletuek lehoiak bide egokitik doazela baieztatu dute. Itzuli da, goian geratzeko.
Etenik ez duen denboraldian murgilduta, asteartean Alcoyanoren aurka Kopako ibilbidea zabalduko dute zurigorriek. Valverdek aldaketak egiteko beta probesten duen ikusteke dago oraindik, baina dagoeneko ziurra larunbatean Kordobaren aurkako partidari ekiteko minutu guztiak jokatu dituen Mikel Balenziagaren hutsunea izango duela. Zumarragako hegalekoak bosgarren txartel horia ikusi baitu.
Argazkiak: LFP.ES