Korrika 20

Martxoaren 30ean denok Otxandiora!

Erabiltzailearen aurpegia Bilboko AEK 2017ko mar. 28a, 12:58

Hilaren 30eko hasiera-egun handia aurkezteko prentsa-agerraldia egin dute gaur AEK eta KORRIKAko arduradunek Bilboko Kalderapeko Euskal Kulturgunean. Asier Amondo KORRIKAren arduradunak eta Joseba Irazabal Otxandioko arduradunak eman dituzte eguneko xehetasunak. Mahaian zegoen Koikili Lertxundi ere, bera izango baita, Zurine Iarriturekin batera, hasierako ekitaldiaren aurkezlea.

Amondok KORRIKAK azken hilabeteotan jasotako babesa nabarmendu du, Euskal Herrian zein otxandiarren aldetik. Hala, Otxandioko Felipe Arrese Beitia poetaren hitzak ekarri zituen gogora, euskararekiko maitasunaren isla gisa: “Euskera maite maite, zagoz neugaz beti, Euskera hilez gero ez
dot gura bizi.”

Joseba Irazabal Otxandioko arduradunak aurkeztu zuen eguneko egitaraua: Korrika Txikia, kale-animazioa, “Aurrera Korrika” ikuskizuna eta Gozategi taldea izango dira, besteak beste. Hasiera-ekitaldia 16:40an izango da, eta 17:00etan egingo ditu 20. KORRIKAk lehen pausoak. 20. KORRIKA irekiko duen lehen kilometroari dagokionez, Joseba Kanpo KORRIKAren sortzaile otxandiarra zenaren omenezko kilometroa izango da. Joseba Kanporen senideekin batera, KORRIKAren beste zenbait sortzaile izango dira hasierako kilometroan, 20. edizioko omenduak diren neurrian.

Euskarazko hedabideek zuzeneko emanaldiak egingo dituzte elkarlanean Otxandiotik bertatik: ETB, Kanaldude, Berria TB, Hamaika eta Goienak telebista-saio bateratua egingo dute eta, irratiei dagokienez, Euskadi Irratia, Bizkaia Irratia, Euskal Irratiak eta Arrosa Sarea arituko dira elkarlanean.