Kronika: Bizkaiko Ikasleon Jaialdia

Erabiltzailearen aurpegia Buiaka! 2015ko api. 20a, 10:00

Jai giroan murgildu ziren larunbatean ikasleak Errekaldeko Etxarri gaztetxean. Eguerdiko Bertso Bazkarian tripa bete ondoren Eguenero elektrotxaranga izan zen protagonista. Errekaldetik egindako bueltatxoak bat baino gehiago sorpresaz harrapatu zuen arren, auzoak ez zuen bitan pentsatu eta gazteek abestutako doinuak alaitsu jarraitu zituen.

Jada iluntze aldera eguneko Ekitaldi Nagusia egin zuten antolatzaileek, Bizkaiko Ikasle Abertzaleak. "Etorkizuna eraikitzeko borrokan ikasleak ezerk geldituko ez dituela" argi utzi zuten eta "konpromiso horretan jarraitzera animatu". Txalo eta ikasle mugimenduaren aldeko oihu artean bukatu zen ekitaldia.

Ekitaldi Nagusiaren amaierarekin kontzertuak hasi ziren. Suaia eta Lahaine izan ziren lehenak, beraien Herrima diskotik ateratako mezu ideologiko handiko abestiekin. Gero, aurkezpen gutxi behar duen Bad Sound System-en txanda izan zen (omenalditxo bat ere egin ziguten "BUIAKA!" abestiarekin). Azkenik, DJ Kanaky Zunba Set-ek dantzan jarri zuen mundu guztia dagoeneko eguneko ordu txikiak zirenean.

Laburbilduz, festa ezin hobea azterketen garai gogorra hasi baino lehen.