LABen iritziz, soldata arrakala sistemak sorturiko tresna bat da emakumeak bigarren plano batean edukitzeko, lan berdinagatik gutxiago kobratzeko eta emakumeok egiten ditugun lan guztiei balio sozial eta ekonomikoa kentzeko. Laburbilduz, sistemak emakumeok ekonomikoki esplotatzeko tresna bat da.
Honen inguruan mito asko daude, emakumeok etorkizun laboral eskasa daukaten ikasketak aukeratzen ditugula, gutxiago kobratzen dugula lan gutxiago egiten dugulako, zaintza lanetan aritu ahal izateko lanaldia murrizten dugula....
Instituzioek, patronalak eta zenbait enpresak sinestarazi nahi digute soldata arrakalaren kontrako borrokan denok batera ari garela, denok erantzukizun berberak izango bagenitu bezala eta egiturazko arrazoirik egongo ez balitz bezala.
Sistema kapitalista heteropatriarkalak emakumeok era subsidiarioan erabili gaitu beti, egiturazkoak diren zaintza lanak merkatuaren ordez geuk egin ditzagun dohainik. Emakumeak lan merkatura sartzen joan garen heinean, kapitalak tresna berriak sortu ditu emakumeok zaintza lan horietan jarraitzeko eta zaintza lanen banaketari ez heltzeko. Zaintza integralerako sistema publiko eta doakorik ez daukagu eta emakumeak lan merkatura sartzeak ezdu ekarri gizonek lan hauek erantzunkidetasunez betetzea.
Diskriminazioa sexuaren arabera ordainsarian egiten den bereizkeriatik harago doa. Soldata arrakala deitzen bazaio ere, ez du soilik soldatan eragiten.
- Kontratazioetan, hainbat sektoretara emakumeen sarbidea oztopatu egiten da. Industrian ia ez da emakumerik kontratatzen eta sektorea guztiz maskulinizatuta dago, aldiz, zaintza lanei lotutako enpleguetan gehiengoa emakumeak dira.
- Lan feminizatuak nagusiki azpikontratatzen dira, eta bigarren soldatatzat edo osagarritzat hartzen dira. Enpleguei ematen zaien balioa ezberdina da eta maskulinoak diren lanei balio handiagoa ematen die.
- Emakumeok zuzendaritza guneetatik at gaude, %40-%45etik beherago.
- Kategorietan kristalezko sabaia ez da oztopo bakarra. Garbiketa lanetan (sektore guztiz feminizatua) kale garbiketan edo goi mailako kategorietan gizonak baino ez daude. Emakumeok eraikin barruan, izkutuan eta baldintza kaxkarragoetan lan egiten dugu.
- Promoziorako aukera gutxi dugu, zaintza lanetan aritzeko baimenek eta lizentziek eragin zuzena dutelako.
Eta bai, lan berdina egiteagatik emakumeok gutxiago kobratzen dugu. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernua bide guztietatik ahalegintzen ari dira soldata arrakalarekin amaitzeko haien plangintzetan parte har dezagun, horrela euren jarduna zurituko dutelakoan. Baina ez doaz arazoaren muinera eta soldata arrakalaren kontrako borroka enpresen borondatearen esku uztea adar jotze hutsa da.
Ikusten dugunez, maila guztietan eremu honen inguruko araudiak onartuta egon arren, azken hamar urteotan ez da aurrerapenik egon eta soldata arrakalak bere horretan dirau. Soladata arrakala eta sexu-diskriminazioa egiturazkoak dira, sistema sostengatzen duten zutabeak. Egoera aldatzeko aliantza feminista ezinbestekoa da eta, horregatik, mugimendu feministan buru belarri gabiltza, sindikalismo feminista indartzen.Kapitala hautsi, bizitzari eutsi!