Bizkaiko zahar-etxeetako langileek greba urriaren 31ra arte luzatzea erabaki dute

Erabiltzailearen aurpegia ELA Sindikatua 2017ko ira. 7a, 16:57

Bizkaiko Foru Aldundiaren proposamena, alegia, tarifak 2018ko urrira arte izoztea (2015az geroztik egon dira izoztuta) eta ratioak aldatu nahi ez izatea oso eragozpen handiak dira gatazka konpondu ahal izateko. Gainera, horrek emakumeek pairatzen duten diskriminazioa larriagotuko besterik ez du egiten. Hori dela eta, Bizkaiko zahar-etxeetako langileek greba urriaren 31 arte luzatzeko erabakia hartu dute.

Bizkaiko zahar-egoitzetako langile grebalarien iritziz Bizkaiko Foru Aldundiaren proposamena, kontzertazio-orri berrian plaza/prezioa 81 eurotan mantentzekoa (gutxienez 2018ko urrira arte) oso erabaki larria eta arduragabea da. Proposamen hori azkenean gauzatzen bada, beste atzerapauso bat izango da Bizkaiko zahar-egoitzetako gatazka sozio-laborala konpontzeko bidean.

Grebalariek salatu dutenez, Aldundiaren erabaki larri eta arduragabe hori uztailaren amaieran hartu bazen ere, enpresei bakarrik jakinarazi zaie. 90 milioiko aurrekontu-partida batean sartuko da, eta eragin nabarmena izango du Bizkaiko gizartearen zati batean.

2018. urterarte plaza bakoitzeko prezioa 81 eurotan mantentzeak suposatzen du –azken bi urteetan egon diren KPIekin eta 2017rako espero danarekin– plaza bakoitzeko prezioa %4 edo 5 baxuagoa izatea gutxi gora behera, hau da, enpresentzako finantziazio txikiagoa.

Erabaki honek 2015ean enpresei finantziaturikoa baino baxuago utziko du plazen prezioa eta akordio bat izan ahal izateko aukera are gehiago zailduko du. Gainera, lan baldintza prekarioei eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzu kaxkarrari (bai patronalak bai Foru Aldundiak txosten ezberdinekin onartuta) buelta ematea ere zaildu egiten du.

Erabaki honen aurrean, ezin ditugu ulertu Unai Rementeria Ahaldun nagusiak egindako deklarazioak. Erabat zinikoa da "soldatak igotzeko ordua dela" publikoki aldarrikatu eta "Bizkaia, adinez nagusi egiteko lurralde egokia" egin nahi duela esatea eta aldi berean Bizkaiko zahar egoitzetako 3.000 oheen plazen prezioa mantentzeko erabakia hartzea.

Gaur, langileen ordezkariek, batzarrean bildurik, borrokan jarraitzeko erabakia hartu dute, 300dik gora greba-egun eginak badituzte ere, eta hortaz beste greba-deialdi bat berretsi dute urriaren 31ra arte.

Gaur bertan erregistratuko dute urriaren 31ra arteko greba-deialdia, eta bide batez berriro joko dute Bizkaiko Foru Aldundira, baldintza-orriak izoztu dituen erabakia aldatzea eskatzeko, eta sektoreko patronalen aurrean aldundiaren bitartekaritzaz langileen erreibindikazioak kontuan hartu ditzatela eskatzeko ―35 orduak, 1.200 euroko soldatak, pertsonal gehiago eta hori dena sektoreko 5.000tik gora langileentzako hitzarmen batean jasotzea―.