Otsailaren 13an izandako langileen asanblean, ELAk argi utzi du onartezina iruditzen zaiola enpresak egin duen proposamena. Ildo beretik, tinko baieztatu du Bilboko Udala dela TAO zerbitzuan gertatutakoaren erantzule zuzena.
ELA ez dator bat Bilboko TAO zerbitzuan erdietsitako akordioarekin eta hala adierazi du otsailaren 13ko asanbladan. Jarraian, arrazoi nagusiak aurkituko dituzue.
EYSA-CYCASA enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteak zazpi langile kaleratu zituen, hain justu, hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari ziren momentuan. Ez zen kasualitatea, horrek bazuen helburu jakin bat: kaleratze horiek erabili nahi zituzten, lan baldintzak okertuko zituen hitzarmen kolektiboa sinatzera behartzeko. Ez da lehenengo aldia EYSA enpresak estrategia hau erabiltzen duena esleipen publikoetan. ELAren ustez, lotsagarria da xantaiaz baliatzen diren halako enpresak izatea gero kontratu publikoen esleipena lortzen dutenak.
ELAren iritziz, Bilboko Udala da erantzule zuzena. Kaleratzeak erabiltzea xantaia egiteko erabat onartezina da; are gehiago, Bilboko Udalak egindako esleipen baten erdian gertatzen direnean. Gatazka honetan TAOko langileak kaltetuak izan dira, baina ez dira, ordea, kaltetu bakarrak izan. Izan ere, Bilboko herritarrak ere galtzaile suertatu dira, udalak milioi bat euro gutxiago bildu baitu grebak iraun duen bitartean. Enpresak, ordea, ez du ezer galdu. Azken honek helburu bakarra zeukan: lan baldintzak okertzea. Hau lortu izan ez balu, bazeukan bestelako planik ere: Udalak kontratua bertan behar uztea erabakiko balu greba luzatzen ari zela ikusita, kalteordain ikaragarri handiak exijituko zizkion.
Enpresaren eskaintzak lau urteko iraunaldia izango du eta produktibitatearekin lotutako bi aldagairekin lotura zuzena duen KPI igoera izango du. Praktikan zer esan nahi du honek? Bada, lau urtez soldata izoztua izango dutela langileek. Gogoratu beharra dago TAOko langileek ez dutela inongo soldata igoerarik izan 2012.urtetik. Beraz, 10 urtez soldata izoztua izan dute.
ELAren ustez, Bilboko TAO zerbitzuan izandako gatazkan, izaera bereko bestelako gatazketan bezala, inoiz baino argiago geratzen da erresistentzia kutxa ezinbesteko tresna dela EYSA bezalako enpresen xantaiari aurre egiteko, alegia, lan baldintzak okertuz negoziazio egin nahi duten enpresen aurrean tinko eusteko.
Bide batez, ELAk Bilboko TAOko langileak zoriondu nahi ditu, kaleratuak izan ziren langileekin erakutsitako elkartasunagatik.