Herritarrei nahieran gelditzeko zerbitzua eskaintzen zaie, baina lanean dauden emakumeak derrigortu egiten dituzte arrisku egoerak bizitzera, betiere, Bilboko Udala jakinaren gainean delarik. ELAk enpresari eskatu dio berrezar dezala zerbitzu hori eta beharginei segurtasuna eman diezaiela, baina Bilbobuseko zuzendaritzak erantzun du ez dagoela horretarako prest, kostua dakarrela argudiatuta.
Gainera, ostiral, larunbat eta jaiegunetan Bilbon eskaintzen den `Gautxori´zerbitzuak, alegia, gauez herritarren segurtasuna bermatzeko aukera ematen duen zerbitzuak, ez dauka behar besteko baldintzarik emakume langileen oinarrizko beharrizan fisiologikoak asetzeko. Hau gertatzen da enpresak galarazi egin duelako zerbitzuak linea-buruetan biltzea; horrenbestez, emakume langileok zerbitzu arteko tarteetan goizaldean ia inor ez dabilen inguru ilun eta bakartietan egon behar dira. Honek tentsio egoerak eragin ditu.
Halaber, enpresak premiazko behar bat sortzen denean zerbitzuak osatzeko zegoen taldea ere kendu egin du. Are gehiago, horrelako kasuetan edozein gorabehera gertatuz gero kotxerara hurbiltzea ere debekatuta dago, baina Bilbobus zerbitzua ustiatzen duen enpresak ez du beste alternatibarik ematen.
Bilboko Udalak eta zerbitzua kudeatzen duen enpresak herritarrei ematen zaien zerbitzua saltzen duten bitartean, ez diete autobusak gidatzen dituzten emakumeei baldintza egokirik eskaintzen beren beharrizan fisiologikoetarako, ezta segurtasunez lan egin dezaten ere.