Grebak oraingoz iraun duen lau egunetan NH eta Barceló hotelek greba eskubidea urratu dute, enpresa bat kontratatu baitute grebalariek egin ohi dituzten lanak egiteko. Eskirolen erabileraren berri eman zaie Lan Ikuskaritzari eta Zuzendaritzari, esku har dezaten eta enpresei zigorra ezarri diezaien. ELAk enpresa horien aurka auzitara joko du oinarrizko eskubidea urratzeagatik.
ELAk salatu du hotel-talde handi hauek abusu eta esplotazioa inposatzen dietela beren langileei; inolako etikarik gabe jokatzen dute, muturreko lan egoerak ametitzen baitituzte. Euskal erakundeek 1,5 milioi euro jarri dituzte joan den asteburu honetan, zertarako eta etekin pribatuak puzteko (Barceló hotelean gela bakoitzak 380 euro balio zuen); bitartean, hotel hauetan lan egiten dutenek garbitzen duten gela bakoitzeko 2,5 euro jasotzen dute (kasuren batean 1,26 eurotan ere ordaindu izan da gela).
Halaber, ELAk salatu egin du Jaurlaritzako Segurtasun sailaren jokabidea lan gatazka. Bere eginkizuna izan beharko litzateke eskubideak bermatzea, besteak beste langileenak, eta eskubideen artean grebarena dago; haatik, asteburuan NHk eta Barceló-Nervionek eskubide hori behin eta berriz ukatu eta azpiratu dute. Ertzaintzari eskatu izan diogu esku har zezala grebalarien eskubideen alde, baina jaso dugun erantzuna izan da agindu bakarra zegoela, greba ordena publikoko arazo gisa hartzea. Beraz, Segurtasun sailak erabakitzen du ze eskubide bermatu eta zeintzuk urra daitezkeen: Ertzaintza korporazio handien interes pribatuen zerbitzura jartzen du. Oraingoan ere, baliabide publikoak interes pribatuen mesedetan.