ELA eta LABek dagoeneko Lan Ikuskaritzan salatu dute greba egunetan Bilboko Udalera bideratu direla 010rako deiak eta altzariak jasotzeko sistema ere moldatuegin dutela, grebalarien lana ordezkatuz.
Lanalden enpresaren bidez Billboko Udalarentzat 010 arreta zerbitzuan lanean ari diren 12 lagunek ez dute grebara joatea beste aukerarik izan euren lan baldintzak hobetzeko. Maiatzaren 13 eta 14an izan ziren lehen bi greba egunak eta 20 eta 21ean euren aldarrikapenekin segitzen dute, enpresa azpikontratak (Lanalden S.A.) eta Bilboko Udalak gatazka konpontzeko borondaterik erakusten ez dutelako.
Are gehiago, lehenengo greba egunetik ari dira grebalarien lana ordezkatzen. Horren adibide da 010era deitzen dutenek entzuten duten mezua: Udalak antolatutako udalekuen inguruan galdetzeko deitzen zutenei Bilboko Udaleko Gazteria Sailera deitzeko gonbita egiten zieten. Beste adibide bat ere bada. Udalak altzariak jasotzeko duen zerbitzuan aldaketak egin baitituzte. Hala, greba hasi baino 5 egun lehenago, 010 eta Udalaren arteko komunikazio sistema aldatu eta langileen esku-hartzerik behar izan gabe, komunikazio sistema automatizatu dute.
Arreta zerbitzuko langile guztiak (emakumeak) daude greban eta Lanaldenek eta Udalak, biek ala biek, grebalarien lana ordezkatzeko erabakia gaitzesten dute. Azpikontratari eta administrazioari exijitzen diete ez dezatela euren greba eskubidea urratu (oinarrizko eskubidea delako) eta negoziatzera eser daitezela.
Langileen eskaerak oinarrizkoak dira: datozen bi urtetarako soldata igoerak; oporrak modu justuan antolatu ahal izatea; eta zerbitzu egokia eskaini ahal izateko beste langile bat kontratatzea. Orain arte, ordea, erantzuna oso bestelakoa izan da: Lanaldenek Estatu mailako Contact Center hitzarmenera lotu nahi ditu 010ekoen lan baldintzak; Udalak, bere aldetik, gatazka honekin zer ikusirik ez duela baieztatzen du. Bada, gogorarazi beharra dago Udalak onartu egin zuela Lanaldeni diru gehiago bideratzea zerbitzu horregatik. Hortaz, Udalak zerbitzuagatik diru gehiago ordaintzen du, baina ez zaio axola diru horrekin langileen lan baldintzak hobetzen diren, eta ondorioz, zerbitzua hobetzen den edo ez.
010 herritarrentzako telefono bidezko arreta zerbitzua da, eta horren bitartez gai desberdinak kudeatzeko argibideak ematen zaizkie herritarrei: zergei buruzkoak; zirkulazio baimenak nola egin; edota umeen udaleku eta bisita gidatuen izen emateez arduratzen dira.
Duela 30 urte inguru sortu zen zerbitzua eta ordutik asko aldatu da, herritarren zalantzak dibertsifikatu direnez erantzuna espezializatuagoa delako. Zerbitzua eskaintzen duten langileek, bataz beste, 20 urte daramate 010ean; halere, euren dedikazioa ez da aintzat hartzen.