Metro Bilbaoko enpresa-batzordeak langile gutxiegi dagoela salatu du

Erabiltzailearen aurpegia ELA Sindikatua 2019ko eka. 19a, 17:04
Metro Bilbaoko langileak bulego nagusien aurrean. 2019.06.19 (Argazkia:ELA)

Metro Bilbaoko enpresa-batzordeak salatu du langile gutxiegi dagoela enpresako kolektibo batzuetan eta, ondorioz, lantaldearen lan-baldintzak eta garraio-zerbitzuaren antolaketa eta kalitatea kaltetzen ari direla. Langileen batzordeak elkarretaratzea deitu du ekainaren 19an bulego nagusien aurrean langile gehiago eskatzeko.

Langileen Batzordearen oharra:

Gidarien kolektiboan 2018an zegokiena baino 7200 ordu baino gehiago egin direnez, langileek atseden-egunetan lanera joan behar izan dute, zerbitzu-eskaintzari aurre egiteko lantaldea ondo dimentsionatu gabe dagoelako.

Izan ere, gero eta unean uneko zerbitzu gehiago ematen dira eta txanda horiek guztiak ez daude egiturazko dimentsioen arabera antolatuta.

4 urte darama enpresak gidarien txandak eta ordutegiak inposatzen. Aurten ere 2020rako aurtengoen ia berdinak aurkeztu dizkigute eta jasanezin bihurtzen ari zaigu egoera. Gure lan-baldintzak txarrera joaten ari dira eta gure osasunari eta kontziliazioari ere kalte egiten dio egoerak. Langileen ardurak eta profesionaltasunak bermatu du zerbitzu modu horretan betetzea. Gauzak horrela, ordea, enpresak datorren urterako proposatu dizkigun txandekin ezinezkoa izango zaigu zerbitzua modu onean ateratzea atseden-egunik hartzerik ez badugu.

Antzera ari dira beste kolektibo batzuetan, besteak beste, mantentze-lanetan eta geltokietan. Geltokietan langile nahikoa ez izateak zuzenean eragiten du bezeroen arretan, geltokiak langilerik gabe uzten baitira.

Horregatik, eskatzen dugu gidarien egiturazko lantaldearen kopurua aparteko ordurik sortu gabe kalkulatzeko, txandak ez inposatzeko eta jartzen diren txandak egiteko behar diren langileak jartzeko.