3.0 enplegua, flexiaskatasuna… betiko leloaren betiko leloa

Erabiltzailearen aurpegia EraginBilbo 2017ko abe. 28a, 09:26

Glovo Txirrindularia

Azkenaldian, koloredun motxila  daramatzaten txirrindularien inbasioa ikusten ari gara Bilbon. Ez, ez da PNVk Frantziako Tourraren etapa bat lortu duenik.

Modernitatearen azken nobedadea diren banatzaileen aurrean gaude, 9 kilo baino gutxiago eta 40x40x30 neurriko motxila batean sartzen den edozer gauza eramateko gai direnak. Izan ere, badira 2 hilabete Glovo edota Deliveroo bezalako enpresak Bilboko kaleetako elementu bat gehiago bihurtu direla.

Hala ere guztiz ere, 9 kilo baino pisutsuagoa den zama daramate euren bizkarretan: euren bizitzak baldintzatzen dituen prekarietate laboral sistematikoa. Lan-merkatu prekarioaren irudi berria dira eta, era berean, langile klasearen paradigma berriaren erakusle. Banatzaile hauek euren bizikleta edo motorra jartzen dute, autonomo moduan alta ematen dute, gerta daitezkeen gorabehera guztien gaineko erantzukizuna hartzen dute (trafiko istripu eta matxurak adibidez) eta ez dute sosik ikusten oporrak hartu edota gaixotuz gero. Enpresak egiten duen lan bakarra zera da, banatzaileak eta zerbitzu hori eskatzen duen jendea harremanetan jartzea; eta guzti hau plataforma digital baten bidez, enpresarioak are gehiago aurreztu dezan.

“Contigent workers” deitu zaie, enpresarioek diru kantitate handia aurreztea posible egiten duten ustezko langile autonomoak, hain zuzen ere. Kotizazio sozialak, opor egunak, kaleratze kalte-ordaina… kontzeptu hauek ez dira existitzen euren hiztegian. Autonomoaren figura ezaguna da, ez hainbeste, ordea, banaketan aritzen diren baina plantillan banatzaile bat bera ez duten enpresak. Jokozelai berri bat zabaldu da lanaren esplotazioari zein enpresen irabazien maximizazioari dagokionean.

Eta guzti hau gaztetasun errebeldearen eta modenitatearen itxurapean…”Be your own boss” bezalako kontzeptu kulturalen zabalpenak zein teknologia berriek jokatzen duten paperak egiten du erakargarria sektore hau gazte askorentzat. “Gig economy” esaten zaio, hau da: enkargu txikien ekonomia. Enkargu txiki hauek soldataren osagarri bezala saldu dira, bizitza pertsonalera malgutasunez moldatzen direnak, ikasten ari diren pertsonentzako edota diru extra bat behar dutenentzako. Baina errealitatea oso bestelakoa da: enpresa hauek moldatzen dira langileek eskariaren puntu gorenetan lan egin dezaten (asteburuetan) eta gainera, ez dira gazteak langile potentzial bakarrak, gero eta jende gehiagok sostengatzen du bere bizitza lan honetatik jasotako soldataren bidez.

Badaude zenbait borroka esperientzia estatu mailan zein nazioartean, non langileek antolakuntza eredu desberdinak garatu dituzten. Enplegu honen sorreran sare sozialek funtsezko papera jokatu duten heinean, erabilgarritasun bera dute lan-baldintza berdinak konpartitzen dituzten pertsonak kontaktuan jartzeko orduan. Hala izan da Londresen, Berlinen edota Milanen, eta protesta arrakastatsuen ondorioz Deliveroo-k lan-eskubideak hobetu behar izan ditu. Estatuan ere mobilizazio ugari egon dira eta horien bidez enpresa hauek euren langileak TRADE-tzat hartzea lortu dute, ekonomikoki dependienteak diren autonomoak, alegia. Figura juridiko honek lan-eskubide gehiago eskaintzen dizkie ustezko “autonomoei”, baina ez ditu enpresako langile propiotzat bezala aitortzen. Hala eta guztiz ere, erakutsi dute posible dela antolakuntza eredu desberdinak zein aldarrikapenak artikulatzea, sektore hauetako enpresei hortzak erakusteko.

Enpresa mota hauek ezin hobeto integratzen dira udaletxeak eta multinazional handiek sustatutako hiri eredu berrian. Hirian nagusitzen ari den sare produktiboa multinazionaletan eta kanpotik inportatutako ekimen eta ikuskizun jendetsuetan oinarritzen da. Guggenheim efektu famatua da. Zerbitzuen kanpora ateratzea, autonomo faltsuak, azpikontratatak, “gazte ekintzaileak”…gure hirian marrazten ari diren enplegu eredua eta unibertso soziala da. Kamareroak, arropa marka handien dendetako dendariak, banatzaile autonomoak, azafatak…hori da etorkizuna.

Ezinbestekoa da borroka esperientzia desberdinak batzea, bai gazte mugimendutik, mugimendu feministatik eta mugimendu sindikaletik ere. Sareak sortzea da gai hauetan inplikatuta gauden eragile ezberdinek egiteke dugun lanetako bat / dugun erronketako bat, konfiantzakoak eta politikoki operatiboak izango diren sareak, hain zuzen ere. Sujetu hautsien eta kontzeptu politiko dispertso eta lausoen garai honetan, premiazkoa da ikuspuntu desberdinak artikulatu eta langile klasearen errealitate berriei erantzutea. Esan bezala, premiazkoa, ezinbestekoa eta beharrezkoa da.