Euskaraldia

Bilbon euskara ari du

Erabiltzailearen aurpegia Bilboko Euskaraldia 2018ko ira. 25a, 15:50

Hego haize egun hauetan, badabil zurrumurru bat Bilboko kaleetan zehar“¿Qué es eso de Euskaraldia?” galdetu zion atzo Manuk okindegian kartela jarri zuenari. Hasiak dirapixkanaka, auzoetan Euskaraldia batzordeak martxan jartzen.

“Non apuntatu gaitezke?”, galdetu dute eskola atarian Rosa eta Janire ama-alabek. Euskaltegiak matrikulazio-kanpainaren erdian ikasleei bilbo.euskaraldia.euswebgunearen berri ematen ari dira. Ni belarriprest, zu?” Josek bere Bilbobuseko lankideari. Lantokietan ere, langileei formakuntza berezia eskaintzen ari zaie Euskaraldiaren aitzakipean Euskara Plana martxan jartzeko. “Txapak noiz helduko dira?” galdetu digu Maitanek sare sozialetan. Zurrumurrua, euri-tantak bezala, pixkanaka badoa jendartean zabaltzen, tantaka.“Yo este año no, ¡Pero el año que viene fijo eh!” komentatu zuen Unaik Hizkuntza Eskolako atarian. Euskaraldia badator eta hasi da euskalhiztunon komunitatea prestaketa lanetan.

Bilbon euskara ari du. Urte luzez, tantaz tanta, euskalgintzan lanean aritu diren ehunka bilbotarren lan handiari esker, egunero, atmosfera erdaldunean lehenengo hitza beti euskaraz darabilenei esker. Aspalditik egon dira Bilbon milaka Ahobizi eta Belarriprest. Ikastolen sorreran lanean, Euskaltegietan, Korrika batzordeetan, ‘Harrapazank’ lehiaketan, auzoetako euskara elkarteetan, Berbalagun egitasmoan, Asfaltoan ere Euskarazkanpaina eder hartan, Kontseilua sortu zeneko lantaldeetan, Bilboko Konpartsetan, Bai Euskarari egunean San Mamesen hunkitu zirenak, berriki Berton aldizkaria itxi zelako tristura adierazi zutenak...Bilboko kaleek bizirik dagoen hizkuntza txiki baten soinua dute.

Aurreiritzi eta topiko guztien gainetik, urteetako debeku eta kontraesanen gainetik, munduan euskaldun gehien bizi den hirian bizi gara. Hizkuntza altxor kutxatik atera eta erabiltzeko dago eta bilbotar askok hautu kontzientea  egina dugu. Euskaraldia ariketa kolektibo erraldoia izango da, euskal hiztunon komunitateajabetu, elkar ezagutu eta hizkuntza naturaltasun osoz plazaren erdigunera eramango duena.

Aurtengo Euskaraldiak norbanakoari arreta jarriko dio, euskaldunok euskararekin hartuko duen konpromisoari bereziki. Lehen aldia da Euskal Herri osoan ariketa sozial bat antolatuko dela euskara ardatza duena eta praktikara eramateko irrikaz gaude. Guk euskara ahalik eta erosoen erabiltzeko konpromisoa hartuko dugu eta asmoa da beste euskaldunek bat egitea. Hori baita, finean, Euskaraldiaren helburu behinena: egunerokotasunean, edonon eta edozein unetan, euskaldunok euskara gustura erabiltzea. Gure eskubidea da eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte kalean, etxean zein lanean gauzatzeko prest gaude. Euskararen alde egotetik, euskaraz egitera salto kolektiboa egingo dugu. 

Arbolantxatik Arangoitira, Betolazatik Zurbaranbarrira, milaka batzuk izango gara bizitzako esparru denetan euskaraz biziko garenok. Testuinguru ezin hobea da gainera, aurten Euskaltzaindiak 100 urte eta Euskara Batuak 50 urte bete dituztelako, Korrika ere badatorrelako eta herritarrok, eragile, administrazio, lan mundua zein mugimendu sozialak elkarlanean arituko garelako. Eta Euskaraldiaren ostean zer? 11 egun hauetako sinergia guztiak, eremu publiko eta pribatu guztietara zabaltzeko asmo irmoa dugunok, badugu zer esana. 

2018a euskararentzat urte berezia dela-eta, Urriaren 7an, igandea, Bilboko plaza Eliptikoan eguerdiko 12:00etan egingo dugun izen emate masibora etortzera gonbidatu nahi zaituztegu. Euskaraldiak Bilbon tantaz tanta landutakoa kalean praktikan jartzeko aukera ezin hobea eskaintzen digulako. Ahoak bizi eta belarriak prest, atera dezagun euskara plazara eta jarraitu dezagun euskararen zurrumurrua zabaltzen. 

BILBOKO EUSKARALDIA LANTALDEAREN IZENEAN