Kafetegiko tabernariak soinean txaparik ez zuen arren, belarriak prest izan ditu gazte kuadrila aho biziak euskaraz eskatu dionean.
Sei urteko haurrek jolastokian “euskara edan genuen amaren titian” abesten zuten bitartean, euren hezitzaileak iturri berriak euskaratzeko ardura bere gain (ere) hartzeko konpromisua hartu du.
Asteroko bizartegira joan da aitite ahobizi txapa jantzita zuela. Gaztelaniaz zuzendu zaio belarriprest txapa zuen langileari. Astero bertara hurbiltzeko ohitura galdu ez, baina haien arteko hizkuntz ohiturak aldatzeko ordua heldu dela erantzun dio berak.
Badirudi, euskaraldiari esker, hainbat eta hainbat euskal herritarrek ezti tanta gozo hura sentitu dugula ezpainetan.
Denon ardura izango da nobedadeari eutsi, eta kaleak euskaraz blaitzea.