Bi lagun eta hirurok Alde Zaharretik oinez gindoazela, beste hiru gazterekin gurutzatu gara, ezezagunak hirurak. Haietako bik ahobizi txapa zeramaten soinean, hirugarrena belarripresta zen.
Txapak elkarri ikusi dizkiogunean konplizitate irribarreak atera zaizkigu guztioi, baina gure albotik pasatu direnean, gaztelera hutsean ari zirela ohartu gara. Ez dakit rolen funtzioak nahastu dituzten, edota ohiturak aldatzeko nahikoa gogo izan ez ote duten, euskaraldiaren mugak azaleratzen hasiak direla iruditu zait, ordea.
Baina tira, ez naiz ni izan beste hirukotearen jarreraz ohartu den bakarra. Lagunei ere aurpegiko keinua aldatu zaie espero ez zuten hizkuntza entzun dutenean. Txikia izan bada ere, hartu dut nolabaiteko lasaitua.