Ohartu naiz euskaraldiaren ariketa aurrera eramateko uste nuena baino zailtasun gutxiago topatzen ari naizela.
Lagun batekin elkartu naiz arratsaldean, eta pote bat hartu dugu Alde Zaharreko taberna batean. Hainbat konturen inguruan aritu gara hizketan, eta biok ari garenez euskaraldian parte hartzen, euskaraz aritu gara, denbora guztian kasik. Eta kasik diot, konturatu garelako ez garela gai euskaraz haserretzeko.
Azken egun hauetan izan duen arazo baten berri eman dit, eta gero eta gehiago hitz egin, gero eta gehiago hasi gara haserretzen. Konturatu garenerako, gaztelera hutsean ari ginen.
Jakin badakigu, gaztelerara pasatu izana ez dela euskararen hutsune batengatik izan, baina hala ere, arrain handiak berriz ere lortu du txikia jatea, eta oraingoan, gure ahoa izan da erantzulea.