Euskaraldia

6. eguna. Aurrera goaz.

Erabiltzailearen aurpegia Eztizen Artola 2018ko aza. 28a, 21:04

Gida baimena atera nahian nabil, eta gaur psikoteknikoa egitera joan behar izan naiz, Autonomia kalean DGTak daukan zentrora. Sartu eta euskaraz agurtu dut sarreran zegoen langilea, berak mesedez gazteleraz egiteko erantzun dit, sentitzen zuela baina ez ninduela ulertzen.

Lehenengo medikuarekin berdina egin dut, euskaraz agurtu dut, baina berak gaztelaniaz erantzun. Galdetu gabe, ulertuko ez ninduela interpretatu, eta gaztelerara pasatu naiz, ahalegin gehiegirik egin gabe.

Eta azken medikuarekin berdin. Baina sorpresa hartu dut, sorpresa atsegina. Azken frogan hainbat gauza ezberdin izan behar nituen kontuan: derecha-izquierda, sonido agudo o grave... Asko kostatu zait zentratzea, eta urduritzen hasi naizenean, “jo, parkatu, pero es que en castellano me cuesta más” erantzun diot.

Berak ea euskalduna naizen galdetu dit, gazteleraz, nik baietz erantzun, eta esan dit froga euskaraz egiteko ez zeukala aukerarik, baina ahaleginduko zela euskaraz hitz egiten. Eta horrela aritu ginen amaierara arte. Euskara hutsean.

Nork esango lidake euskaraldiaren aurretik, DGTaren zentroetako batean txaparik ez zuen mediku batekin euskaraz aritu ahalko nintzenik? 

Aurreiritzi madarikatuak...