Euskaraldia

9. eguna

Erabiltzailearen aurpegia Eztizen Artola 2018ko abe. 1a, 21:09

Familia arteko bazkaria izan dugu gaur Arratian.

Gurasoak, aitite eta amama, eta bi izeko elkartu gara. Gurasoak eta hirurok gara egunerokotasunean euskara erabiltzen dugun bakarrak, baina izekoek ere jakin, badakite. Lotsa sentitzen omen dute, hanka sartzeak beldurtzen ditu eta.

Euskaraldia hasi aurretik, izekoetako batek ahobizi izango zela esan zidan, erdi txantxetan edo, hemendik aurrera euskaraz aritu beharko ginela adieraziz. Behartuta sentitzeagatik euskaraz aritzeak zentzua ote zuen galdetu nion neure buruari orduan, baina tira, ez nintzen gehiegi tematu.

Diman elkartu garenean, txapa erakutsi diet biei, eta barre artean, “benga ba, saiatuko gara” erantzun didate.

Batzuetan ahaztu egin zaigu, beste batzuetan aitite eta amama elkarrizketaren parte izateko nahita jo dugu gaztelerara, baina orokorrean, ariketa bete dugula esan dezakegu. Ea Bilbon edo txaparik gabe elkartzen garen hurrengoan ere prestutasun berbera dakagun.

Bazkalostean, kafea edaten ari ginela, aititek zerbait esan nahi zigula esan, eta honakoa bota digu:

“No sabeis lo emocionado que estoy al haberos escuchado hablar en euskera casi todo el día. En mi querida Arratia encima, en aquella en la que lo aprendí yo, y en la misma que mi madre decidió dejar de utilizarlo por seguridad, según lo que nos decía. No os podeis imaginar todo lo que me arrepiento, me entristece mucho no haberoslo enseñado nosotros, pero supongo que nos entendereis a nosotros también. Espero que de aquí en adelante sigais utilizándolo, porque si haceis como nosotros, acabará muriendo.” 

Gaurkoan niri umeldu zaizkit begiak.