Ganekogorta tontorretik joko dute Batzar Nagusietako adarra

Erabiltzailearen aurpegia Gailurra Uribarriko mendi-taldea 2014ko eka. 13a, 08:15
Aurten Deiadar Mendien Eguna Ganekogortan izango da, igandean, ekainaren 15ean. Hitzordua, Errekaldeko Fango kiroldegian izango da goizeko 8etan.

Bizkaiko lurretan, XV. eta XVI. mendekoa da Batzar Bagusietara deitzeko ohitura da. Bost mendiren (Gorbeia, Kolitza, Oiz, Sollube eta Ganekogorta) gailurretara igotzen ziren eta handik deia zabaltzen zen adarrak joz eta gailurrean sua piztuz.

Ohitura hau 2004. urtean berreskuratu zen. Dagoeneko nahiko errotuta dago ekitaldia mendizaleen eta euskal ohiturazaleen artean, baina aurten beste bultzada bat eman nahi diogu, euskal kulturari pisu handiagoa emanez.

Uribarriko Gailurra mendi taldeak antolatu du mendi ibilaldia eta eguneko ekitaldiak gauzatzeko (bertsoak, musikariak, dantzak, opariak…) hainbat elkarteren laguntza izango dugu: Salbatzaile dantza-taldea, ALBE bertso-eskola eta Peñascal kooperatibarena, besteak beste. Eta, noski, Bizkaiko Batzar Nagusiena, bere laguntzarik gabe ekitaldi hau egitea ez litzatekeela posible izango.

Hitzordua, Errekaldeko kiroldegian (El Fango, Errekalde-Larraskitu errepidea 53) izango da, goizeko 8etan. Kiroldegiaren aurrean aparkalekua badago, baina ez da oso handia. Kiroldegitik errepide ondoko espaloiari jarraituz ekingo zaio Ganekogorta (998m) igotzeari.

Jaigunea

Pagasarriko aterpearen ondoko landetan kokatu da jaigunea. Ganekogortatik jaitsitakoan, bertan egingo da dantzaldia. Horretaz gain, hiru haima egongo dira: lehenengoan, oparia emango zaio parte-hartzaile bakoitzari; bigarrenean, janaria izango da denen esku eta hirugarrenean, edariak. Jaigunean zehar trikitilariak ibiliko dira giroa alaitzen. Beste alde batetik, segurtasuna dela-eta, Pagasarriko aterpearen ondoan laguntza medikurako gune bat egongo da.

Azkenik, hondakinei dagokienez, hainbat ontzi jarriko ditugu Pagasarriko landan. Beira botatzeko ontziak egongo dira eta ondotxoan izango dira bestelako hondakinak botatzeko edukiontzi egokiak.