Pentsionistak? Espainiako aurrekontuak, 155a eta EAJ - Amaia Arregiri erantzuna

Atzo EAJk zoritxarrez askok aurretik susmatzen ari ginena egin zuen: PP, Ciudadanos, UPN eta CCrekin 2018ko Espainiako Aurrekontu Orokorrak onartu zituen. Egingo ez zutela esaten hilabeteak eman dituzten arren (Ortuzar, Esteban eta konpainiaren hemeroteka begiratzea besterik ez dago), azkenean egin egin dute.

Egoera honetan, aurreko maiatzaren 3an Amaia Arregi EAJko legebiltzarkideak Uriolan argitaratu zuen Pentsioak, demagogia kanpora artikulua gogora ekarri eta berak botatako pare bat konturi helduta erantzun labur bat egiteko beharra ikusi dut.

 

1. "Derrigorrezko baldintza da aurrekontuen tramitazioa errazten jarrai dezagun, eta modu bat da espainolei esateko ez garela insolidarioak eta ez diogula geure buruari bakarrik begiratzen".

Hain zuzen ere, egin duzuena da espainiar estatuko herritarrei egin diezaiokegun keinu insolidarioena: beste urte batez murrizketa sozial eta gutxi batzuen interesak sustatzera bideratutako aurrekontuak onartzea. Ez da batere solidarioa, besteen artean, banketxeak salbatzeko espainiar estatuko herritarren pentsioen kutxatik 60.000 milioi lapurtu dituen gobernua mantentzen jarraitzea; ezta ere ez, frankismoaren milaka biktimentzat zentimo bakar bat izango ez duten aurrekontuak babestea. Zerbait egin baduzue zuen alderdi interesei begiratzea izan da. Madrilen PPrekin negozioa borobila egin eta igoera miserable honekin Euskal Herriko pentsionisten aldarrikapenak bete dituzuela saldu nahi izan duzue. Hori bai dela zuek besteontzat aipatzen duzuen populismoa.

2. "Jakin badakite Euskadik pentsioen arloan ez duela eskumenik; badakite Madrilek ez duela eskumen hori eman nahi, eta badakite, lortzen ez den bitartean, euskal erakundeak lanean ari direla. … EH Bilduk eta Podemosek ezin diote Eusko Jaurlaritzari eskatu Estatua salbatzeko eta haren gabeziak estaltzeko".

Ez dugu pentsio sistema propioa izateko eskumenik gure herriak Madrilekin duen egoera menpekotasun egoera bat delako eta guk gure baliabideak kudeatzeko bidean aurrerapausoak sustatu ordez, errealitate injustu hau onartu eta Madrilekiko menpekotasunean sakondu duzue. Momentuko erreditu politikoa epe luzeko begirada izan ordez. Gazte bezala nik pentsionisten borroka nire egiten dut eta, horregatik, larunbat honetan Bilboko mobilizazioan izango naiz; arazoari heldu behar zaion lekutik heltzea eskatzen dudalako. Arduragabekeria hutsa da ogi apur batzuen truke gure etorkizuna hipotekatzea. Zentralizazioa sutsuki defendatzen duen alderdi batekin eta 155 artikuluaren bitartez Kataluniako herriari bere subiranotasun guztia kendu nahi diotenekin ari zarete; Estatua zuek ari zarete salbatzen. Pentsionistak? Espainiako aurrekontuak, 155a eta Erregimena.

 

Amaia Arregiren Ekarpena:

[2018-05-03] Pentsioak, demagogia kanpora