Atzera egin eta konturatu naiz orain dela 20 urte Sarrikoko parkea eta Deustuko Zubiaren artean ematen nuela astea. Asteburuan Bilborako bidaiaren bat edo beste kenduta, hori zen eremua. Hor topatzen genituen agerikoak zein ez-agerikoak ziren jardueretarako bazterrak. Eta hor aurkitzen dut bi hamarkaden ondoren gaur eguneko kale, txoko eta gune berdeekiko diferentziarik nabarmenetako bat: ez da geratzen lagun artean lasai ibiltzeko, begi zelataririk gabe egoteko eta ondo pasatzeko behar-beharrezkoak genituen txoko haietatik bakar bat ere: Sarrikoko parkearen inguruko zenbait txoko, Arangoitirako aldapetako bazterrak... Agerikoagoa egin da dena, eta ez nuke esango toki horietan emakumeak bakarrik dabiltzanean lasaitasunean irabazi dutenik.
Espazio publikoan lasai lagun artean egoteko espazio berririk ere sortu da, niretzako nabarmenena Botika Zaharraren aurreko urertzean dagoen pantanal txikia, zeina egun eguzkitsuetan toki preziatua den. Eta egongo dira espero gabeko gehiago, jada toki ezkutu bila ibili behar ez dugunon begietatik salbu sortu direnak. Horiei deitzen die Manuel Delgado hiri-antropologo katalanak “apropiazio ez-egokiak”: hiritarrek egiten duten espazioaren erabilera librea urbanistek diseinatutako erabilerari iskin eginez.
Aldi berean sortu dira harreman kolektiborako bestelako irtenbide espazialak, adibidez, gehienok 20 urte dela usaindu ere egiten ez genituen lonjak. Espazio publikotik aldentzea dakar horrek, ordea. Era berean, pentsa daiteke hiriaren pribatizazioari ez diola kalte egiten gazte taldeak parkeetako bazterretatik lonjetara migratzeak. Denbora guzti horretan hor dugu Deustuko Gazte Lokala gazteen topagune, eta horri gehitu zaizkio ere Müllerenea, Errondoko Auzo Etxea, Ekuador Etxea zein Bizinahi Auzo Gunea azken garaietan; eta ezagutzen ez ditudan gehiago. Ez dirudi, beraz, harreman kolektibo libre ez-komertzialen esparru espazialen aldaketen norabidea kolore bakarrekoa denik.
Pandemia agertu zaigu orain eta zer ekarriko ote duen dugu buruan bueltaka. Kolektibotasun gehiago, sare komunitario gehiago, ala etxe leiza-zuloan gotortze gehiago? Ikusi ditugu bankuak prezintaturik, parkeak itxita, espazio publikoak kriminalizatuta. Bizi izan dugu espazio pribatuen eta itxien goraipamena eta espazio publiko eta irekien estigmatizatzea, eta horrek ez dakar perspektiba onik. Adibidez, ikusiko ote dugu Deustuko espazio publiko eta ireki bakarra den Euskaldunapeko patinatze pista erabilera librera eta komunitariora gehiago irekitzen? Uholde arriskuaren argudio hutsalaren pean, Deustuko Kanalaren irekiera eta horri lotutako eraldaketak ere ez du nobedaderik ekarri: proiektuaren zentraltasuna etxebizitzen eraikuntzari eman zaio eta sortu diren espazio libre bakarrak paseatzeko diseinatu dira. Hori baita Bilbon nagusi den hiri-ereduan sortzen diren espazio libreen helburu bakarra: paseatu eta pasatu. Egon? Ez, hori ez da helburua.
Kanala ez balute ireki parke handi bat sortzeko lurra zegoen hor. Europako hainbat hiritan goza daitezkeen parke erraldoiak zein ibai-ertzean egoteko espazio libreak ez dira aukera bat Bilboko hiri-ereduan, non orain dela 25 urte Guggenheimarekin ezarri ziren gaur egunekoaren zutabeak. Eredu horren baitan ibai-ertzak eta ontziolen eta industriak hustutako orube zentralak eskaparate gisa irudikatu dira, nazioarteko arkitekto izarren proiektuen erakusleiho izateko pentsatuak. Heldu da pandemia, ordea, eta hirietan bizirauteko urgentziak agerian utzi: esparru libreak haizea hartzeko populazio dentsitate handiko guneetan, esparru libreak autoelikatzearen eredurako garrantzitsuak diren hiri-baratzak sustatzeko (orain dela 20 urte orain baino askoz gehiago zirenak, bide batez), ibai-ertzeetan urarekin harremanak lasaitasunez garatzeko bideratutako espazioak, bidaiatu ezin denean edo bidaiatu ezin dutenek hiriaren porlanaren berotik eta neketik ihes egin ahal izateko itzalpeko eremu freskoak itsasadarraren ertzean...
Hauek denak Europan hiri handi askotan badituzte, ez da ezer berria. Bilbok, eta berarekin Deustuk, orain dela 25 urte hiriaren grisa garbitzeko urratsa egin zuen. Urrats gehiago falta izan zitzaizkion. Pandemiarekin lasaitasunez haize freskoa arnasteko izan ditugun zailtasunak eta gero, desio zena ezinbesteko behar bihurtu zaigu. Galdera da ea pandemiak ere turismoa berarekin eramango duen, eta orduan orain dela 25 urte ezarri zen hiri-eredua berarekin eramango duen ala ez.
Urte hauek kaleetatik desagerrarazi dituzte bideoklubak, cd-klubak, ziberkafeak, kirol-dendak, argazki-dendak eta ekarri dituzte kebabak, telefonia-dendak, apustu-etxeak, okindegi-kafetegiak, txinatarrek kudeatutako dendak, metroa eta azken urteetan sakeleko erabiltzaile isilez betetako bagoiak. Agertu zaizkigu kolore askotako deustuarrak, baita aymara, kitxua, guarania, amazigha edo arabiar hizkuntzak eta euskara gehiago kaleetan ere, nahiz eta umeak desagertu bezain laster, euskararen ahotsak ere amiltzen diren. Noizean behin sortzen den zirimola arrazistak gogora ekartzen digu beti egon direla Lagun Arteanen kontra egon diren auzokideak, sinadurak bildu ere bildu zituztenak, ez baita guztien gogoko gazte magrebiarrak euren kaleetan pasaeran edo egonaldian ikustea. Kale berean janaria jaso zain egoten diren migratzaileen ilara luzeez ere gaizki-esaka aritzen direnak badaude, normalean nahiago dute jende guzti horien bizitza gogorrez ez jakin, ez galdetu. Zahartu zaigu biztanleria, eta gero eta adineko gehiago, gero eta migratzaile, emakume eta langile prekario den aurpegi gehiago kaleetan. Lan egin bai, baina Deustuko alokairuak ordaintzeko beste duten ez dakigu. Eraitsi zuten 2004an Basabe aurrean zegoen eta nire ustez Deustuko eraikin ederrena zen Villa Maria Luisa, eraitsi zuten Deustuko tren geltoki zaharra eta hurrengo ziklogenesiak eraistear dago Sarrikoko Larrako Dorrea; gure ondare apurrarekiko utzikeria instituzionalaren gorazarre denak.
Donald McNeill, Sydneyko Unibertsitatean irakasle den urbanista eskoziarrak 2000. urtean idatzi zuen Political Geography aldizkarian Guggenheim Museoa zela euskal erakunde autonomoen ahalegina Euskal Herriko barne-erresistentzia politikoei aurre egin, Estatuko botere zentraletik aldendu eta nazioarteko hirien botere-sareetan sartzeko, eta aldi berean identitate politiko-kultural berri baten eraikuntza bati ekiteko estrategiaren tresna eta ikurra. Identitate horren eraikuntzan, hiri-eraldaketaren osagai materialetan baino gehiago, bere baitan dituen osagai sinbolikoei jartzen zien garrantzia. Ezin daiteke esan apustua arrakastatsua ez denik izan arlo askotan, eta agidanez, baita gizarte atxikimenduan ere. Galdetzea dagokigu, ordea, ea Deustun EEBBtako Utahn bulego zentralak dituen mormoien eliza erraldoi bat kokatu digun hiri-eredu gero eta bukatuago, gero eta estuago eta porlanez beteago den horrek non duen muga eta nora eramango gaituen ez badu norabidean aldaketarik izaten.