Urteak aurrera doaz guztiontzat, Deusturentzat ere. Azter ditzagun azken 20 urteotan gure kaleek izan dituzten aldaketa nagusiak, hirigintzan fokua jarrita.
Has gaitezen bide-sareak aipatuz. XXI. mendearen lehen urteetan Artxandako eta Enekuriko tunelak zulatu zituzten. Lehenak komunikazioa erraztu zuen Txorierriko korridorearekin eta beste auzo batzuekin. Bigarrenak, Bilboko sarrera zenez, trafikoa desbideratu zuen auzoan inpaktua murrizteko. Hain zuzen ere, orain martxan dauden Euskalduna biribilguneko lanek helburu bera dute, beste batzuen artean.
Beste komunikabide historiko bat trenbidea izan da. Metroko lehen lineak Euskotreneko San Inazio-Ibarrekolandako zatia kendu zigun. Trenbideak kenduz gero, pasealekua obratu zen. Hirugarren lineak Deustuko atala desagerrarazi zuen. Orain, bere lekuan aparkalekuak dira nagusi.
Espazio publikoari dagokionez, gure auzoetako plaza gehienak berritu dituzte bi hamarkada hauetan. Aldaketa handiena Lehendakari Agirre Etorbidearen amaieran izan da. Elorrietako ur-ponpagailuaren plaza itsasadarreraino luzatu zuten, eta trafikoa desbideratuz oinezkoentzako espazio bat ireki zuten. Bestalde, Levante plazan Errotaren gurpila eta iturria galdu eta estaltzen ez duen karpa lortu genuen. Arangoitin, hegala arrapalez bete berri dute parkea sortzeko. Igogailurik ezean, oinezkoentzat sarbidea hobetu dute, eta Deustun, pil-pilean dauden obrak, Done Petri plazakoak. Enparantzaren estruktura berdin geratuko omen da: bitan banatuta jarraituko du eta frontoia eta zabuak ez dira lekuz aldatuko. Beste aldean, kioskoa kendu eta haren ordez pergola estali bat jartzeko asmoa dago. Zoru osoa altxatuko dute akabera bera izan dezan. Zentzu bakoitzeko errei bat kenduko dute, espaloiak zabaltzeko eta inondik inora doan bidegorria sartzeko.
Ekipamendu aldetik ere aldakuntzak izan dira. Eraikuntza berrien artean kontserbatorioa edo IMQ klinika daude. Halaber, eraikinak birgaitu dira erabilera berriak emateko. Halaber, eraikinak birgaitu dira erabilera berriak emateko, IDOMen egoitza, arraun pabilioi berria edo Sarriko parkeko etxetxoa bezala. Beste eraikin batzuk bota egin dituzte berriz altxatzeko. Adibidez, San Inazioko Kultur Etxea Euskararen Etxea bihurtu dute, Maria Luisa etxea Etxezuri futbol zelaia edota BBKko zahar egoitza bera. Skate parkeak, berriz, ez zuen horrenbesteko zorterik izan eta oraindik ez dute birkokatu.
Jakina denez, batzuetan eraikitzeko lehendabizi eraitsi egin behar da. Hori da Elorrietako Etxe Handiaren kasua, hain zuzen ere. Bere orubean etxebizitzak altxatu ziren. Magisteritza fakultateak eta Ibaigane ikastetxeak patu bera jasan zuten. IMQ klinika Botika Zaharrera mugitu zen eta bere lekuan ere pisuak eraiki ziren. Alde horretatik, Tigrearen eraikinak zortea izan zuen, eraberritze baten ondoren etxebizitza bihurtu zelako. Deustuko etxetxoak, tamalez, ez zuen presioa jasan. Utzitako hutsunea kultu-zentro mormoi batek beteko du aurki.
Amaierarako plater nagusia utzi dugu, Zorrotzaurreko masterplana. Zaha Hadidek 2004an aurkeztu zuenetik -nahiz eta aldaketak pairatu- asko aurreratu da. Gaur egun kanala irekita dago eta bere bi zubiak kokatuta daude, San Inaziokoa noiz irekiko zain. Eskuineko ertza ia amaituta dago. Kanaleko pasealekuan Euskaldunarekiko lotura errematatzea baino ez da falta. Bestalde, orube gehienak eraikita daude.
Uhartera pasa gaitezen, baina!Badirudi Udaleko Bilbo berri honetan ez dagoela lekurik iraganerako. Hondeamakinak protagonista dira auzoan, baina ez eraikitzaile gisa, suntsitzaile gisa baizik. Fabrika hutsei beste erabilera berri bat eman beharrean, behera bota dituzte. Galdutako ondarea ordezkaezina da, gure industria-iragana ezabatzen dute. Gutxi dira espoliazio honetatik bizirik atera diren eraikinak. Etxebizitzen kasuan, birgaitu egin dira bizilagunei etxe duina bermatzeko. Oraindik altxatzen diren lantegietan, enpresen artean, artea eta proiektu kolaboratiboak ere sortu dira, esate baterako, ZAWP edo Open Espazioa. Hain zuzen ere, Udalak “Sormenezko irla” bihurtu nahi du. Hori dela eta, Kunsthal diseinu eskola pribatuari ongi etorria eman dio. Esanak esan, proiektu dinamizatzaile honek fabrika hutsetan pilatzen diren etxerik gabeko pertsonen errealitatearekin talka egiten du. Zoritxarrez, bizilagun hauek ez omen dira garrantzitsuak.
Masterplana amaitzetik urrun dago oraindik. Behin itsasadarraren betelanak amaituz gero, urbanizatzen eta orubeak mugatzen jarraituko dute. Espero dezagun masterplanak izango dituen aldaketak hobera izatea.
Ikusi dugunez, hiriak ere sistema bizidunak dira eta denbora pasa ahala eboluzionatu egiten dute. Gure esku dago Bilbo gero eta sozialagoa eta atseginagoa izatea. Eta, zuk, nola imajinatzen duzu auzoa 20 urte barru?
Irudia: Ivan Brochado.