Eskerrik asko, Andoni Iraola

Erabiltzailearen aurpegia Geuria.info 2015ko api. 30a, 13:35

www.athletic-club.eus

Athleticen historiako jokalari garrantzitsuenetakoa den Andoni Iraolak agur esango dio taldeari aurtengo denboraldia amaitzean.

Urrutiak lagunduta eta taldekide guztien babesarekin esan du agur prentsaurrekoan Andoni Iraolak. Athleticekin 500 neurketatik gora jokatu ditu, eta beti langile fina izatearren nabarmendu da. Errendimenduan kokatu du taldea uzteko arrazoia; Athleticen egoteak asko eskatzen duela iritzita: "16 urte daramatzat, eta geroz eta zailagoa da jendearen espektatibak bueltatzea". Adierazi du ez dela erabaki erraza izan: "Oso pozik eta harro nago nire ibilbidearekin. Ez da erraza horrelako erabakiak hartzea, baina argi daukat". Kopako finala izango da bere azkeneko partidua zurigorrien kamisetarekin: "Nire azkena izango da, eta betiko moduan topera egingo dugu. Oso polita litzateke irabaztea. Bete gabe daukadan ametsa titulo bat irabaztea da".

Udatik aurrera ez daki zer egingo duen, baina ez du aterik itxi. Athletic zaleek urte luzez gogoratuko duten jokalaria izango da; beti langile, beti umil, taldeko sentimendua indartzen jakin duen horietakoa. Ea Kopa eskutan duela ospatzen duen agurra!