Denok dakiguenez, Bilbo 1300ean sortu zen gaurko Zazpi Kaleetan. Baina, zergatik han? Ba al zegoen zer edo zer lehen? Galdera hauek erantzuteko, atzerago jo beharko dugu. XII. eta XIII. mendeen artean itsas Kantauriko merkataritza-bideak indartu ziren. Honez gero, alde honetan lehengo hiribilduak sortuz joan ziren. Fundazioa baino lehen bazegoen herrixka txiki bat Nerbioi itsasadarra nabigagarri izateari uzten zion meandroan, puntu honetan itsasadarra gurutzatzeko ibia baitzegoen. Bazeuden eraikinak gaurko Zazpi Kaleetan, Bilbo Zaharrean eta San Nikolasen inguruan.
1300ean Don Diego Lopez V de Harok, Bizkaiko jaunak, tokiaren baliabideak ikusita (itsasadarra nabigagarri, ilabe-leku naturala, burdin-meatzeen hurbiltasuna eta Gaztelarekin komunikazio bidea), Bilbo hiribildua sortu zuen meandro horren eskuinaldean. Lehen Hiri-Gutun honetan Bilbora zetozen merkataritza ontziei itsasadarrean zehar nabigatzeko askatasuna eman zien, hau da, beste herrixkak ezin zieten zergak ezarri, itsasadarra monopolizatuz. Astero merkatua ospatzeko pribilegioa ere eman zion, hiribilduaren izaera komertziala indartzeko.
1310ean Maria Diaz de Harok Bilbo birsortu zuen Hiri-Gutun berri batekin. Bigarren honetan aurrekoari pribilegioak gehitu zizkion. Alde batetik, burdinari ez ezik beste produktuei ere merkataritza zergak kendu zizkien. Bestalde, Burgos-Bermeo ibilbidea Bilbotik pasatzera behartu zuen; lehen Etxebarritik pasatzen zen. Azken eskubide honek Bilboko portuaren garrantzia geo-komertziala finkatu zuen, Bermeoren kalterako. Memento honetatik aurrera hiribilduaren motor ekonomiko nagusia Gaztela mesetako artilearen esportazioa izango da.
Hirigintzaren aldetik, hiriaren eraikuntzak plan zehatza jarraitu omen zuen, Zazpi Kaleak eta bi kantoik lauki-sare erregularra osatuz. Sare hau apurtzen zuen elementu bakarra, hortik bota ez zuten Donejakue baseliza zen. Espazio publikoa ermitaren inguruak eta merkatu plazak (gaur Erriberako merkatua) osatzen zuten. Plaza honetan zubia eta portua batzen zirenez, merkataritza osoa mugitzen zen. Zubitik Gaztelako artilea eta beste produktuak sartzen ziren eta portuan Europako beste puntuetara kargatzen ziren.
Harrigarria irudi arren, hasieran Bilbok ez zuen harresirik. 1334an Alfonso XI.ak harresia eta alkazarra eraikitzea agindu zuen. Alkazarra zubiaren ondoan kokatuta zen, gaurko San Anton elizaren zoruan, hau kontrolatzeko. Harresiaren aztarnak Erronda kalean ikus daitezke. Hormen guztien ahulgunea zuloak dira, hau da, ateak eta leihoak. Ateak gainera jendearen joan-etorriak kontrolatzen ditu.
Hori dela eta, familia boteretsuek, beraien dorretxeak eraiki zituzten kaleen hasieran. Famatuena Zubialdekoa zen, Bilbo Zaharreko leinukoa. Hiriaren sormena baino lehen eraikia; izan ere, hiribilduaren armarrian ateratzen zen, San Anton elizagatik ordezkatuta izan arte. Artekaleren hasieran aurkitzen zen.
Bukatzeko, hona hemen planotxo bat. Teoria batek esaten duenez, hiria bi faseetan eraiki zen. Honen oinarria Artekale izena bera da. Horren funtsa 1913an Carlos de la Plazak XIV. mendeko plano bat argitaratu zuen. Plano honek akatsak ditu. Esate baterako, Donejakuaren tamaina, mende horretan ermita bat baino ez zen eta. Ibeniko (Atxuri) ataria kokatzean ere okertu egin zen, Somera eta zubia artean aurkitzen omen zelako. Hala ere, Bilboko lehenengo hamarkaden irudia sortzen laguntzen du.
Bilbok bere lehen pausoak eman ditu. Forma hartzen ari da eta munduan bere lekua egiten. Munduko hiriburua jaio da.