Europan estilo gotikoa XIII. mendean hedatu arren, Bizkaian XIV-XVI. mendeetan. Hori dela eta, beste lurraldeen influentziak nabari dira. Hiru eliza aztertuko ditugu, estilo honen ezaugarri nagusienak ulertzeko.
Donejakue eliza-katedrala
Elizaren eraikuntza 1374an hasi zen, 1373an sute batek aurreko eliza hondatzean. Lanek 1430era arte iraun zuten. Klaustroa, sakristia eta elizpea XVI. mendean eraiki ziren, azken bi hauek errenazentista estiloan. Gaurko fatxada nagusia eta dorrea Severino Achucarrok diseinatu zituen XIX. mendean neogotiko erara. Asko ez luzatzeko, gotikoa bakarrik aztertuko dugu.
Azaldu dugunez, gotikoa gure lurraldera berandu iritsi zen eta beste tokien influentzia nabari daiteke. Izan ere, Nafarroa aldeko eragina ikusten da elizaren egituran. Eraikina 3 nabez osatuta dago. Gurutzadurak nabeak zeharkatzen ditu. Kapela nagusiaren atzetik girola sortzen da. Erdiko nabea albokoak baino altuagoa da. Sortzen den altuera aldean triforioa kokatzen da. Hau eliza inguratzen duen pasabide estua da.
Aingeruaren Ateak arreta berezia merezi du. Klaustroaren sarrera zuzena da Posta kaletik. Gotiko isabeldar estiloari jarraitzen dio. Eliza Donejakue bidearen parte izatean, erromes-maskorra kokatu zen sarreraren arkibolten gainean.
San Anton eliza
Alkazarra izan ondoren, XV. mendean, eliza bat eraiki zen bere lekuan. Hau laster txiki geratu zela eta, berri bat eraiki zuten. XVI. mendean portada plateresko estiloan diseinatu zen, eta honen alboan eraikitako udaletxea eta kontsulatuarekin lotuta zegoen. Dorrea barrokoa da eta sakristia XX. mendekoa.
Bilboko armarriaren elizan Gaztelaren eragina nagusi da. Kasu honetan nahiz eta altuera desberdinen 3 nabeak eta triforioa izan, ez du girolarik, bukaera zuzena da. Beste ezaugarri bat ornamentu xumeagoa da.
Bitxikerien artean ertz alakatua aurki dezakegu. Honen arrazoia errekaren hurbiltasuna da, uholdeetatik babesteko baita. Beste bereizgarrietako bat duen gaztelu itxura da. Errekatik etor zitekeen mehatxuen aurrean babesa emateaz gain, Legizamon familiak bere boterea erakusteko ere izan daiteke. Kapera handiena Legizamon leinukoa zen, eta bere dorretxearekin konektatuta omen zegoen pasabide batekin.
Begoñako eliza
Basilika XVI-XVII. mendeen zehar eraiki zen. Begoñako elizpean kokatu arren, Amatxurekiko fedea hain handia zen, ezen Bilboko herritarrek tenpluaren monumentaltasunerako inbertsio handia egin omen baitzuten. Gotikoarekin hasi eta manierismoarekin bukatu zen, portadako garaipen-arkuan ikus dezakegunez. Dorrea hainbatetan berregin behar izan da, azkena 1907an.
Kasu honetan euskal gotikoa da nagusi. Basilikar planta du, hau da, Donejakuen ezbezala, ez du transeptu edo gurutzadurik. 3 nabeek ia altura berdina dute. Bobedak altuak dira eta gurutzeria, arkuen nerbioak, konplexua da. Kontrahormak kanpoan geratzen dira, sinpleak eta sendoak dira. Nafarroako estiloarekin kontrajartzen, leihoak eta hormen baoak estuak dira.
Euskal gotikoaren ezaugarriak beste elizetan ere asma ditzakegu: Deustuko San Pedro elizan, Atxuriko Gizakunde komentuan edota Abandoko San Bizente elizan.