Zertaz duzu FOMO?

Erabiltzailearen aurpegia Goiatz Iza

Maiatza. Uda geroz eta gertuago eta zure burua geroz eta saturatuago oporrak non pasako erabakitzen. Edo oporrak noiz edukiko dituzunaren esperantza amaigabe horretan igerian. Lagunak bikotekidearekin doaz; zu, berriz, soltera hasta la muerte. Baina oraingoan ez dizu hainbeste grazia egiten emakume super ahaldundu eta independentearen ideiak. Ez da berdina Ibizan ilunabarra bakarrik ikusi edo norbaiten ondoan. “Ze FOMO”, pentsatzen duzu bikote baten argazki bat Instagramen ikusten duzun aldiro.

Lagunen faltan, familiarengana jotzen dute askok. Ongi da, familia familia da, baina zuri ez dizu gehiegi erakartzen ondoko kanpinera joatearen ideiak. Herri bat nahiko zenuke, zure bizilagunak duen bezala, non denak ezagutzen diren, non munduko festarik onena dagoen. Baina zuk ez duzu herririk, lastima zure familia herritik mugitu ez izana inoiz. “Ze FOMO”, pentsatzen duzu herri txiki bateko bideo bat ikusten duzunean TikToken.

Norekin joan bilatzeaz nazkaturik, bakarrik joango zarela erabakitzen duzu. Baina nora?. Inspirazio bila Pinteresten sartzen zara eta, lehendabizi Dolomitetara furgoan, ondoren Lisboara motxilera moduan eta azkenik Bretainiako etxetxo batera joango zarela pentsatuz irteten zara. Beno, gehiegi da, agian soilik Dolomitetakoa. Baina orduan konturatzen zara ez duzula mendira joateko arroparik, ezta furgorik ere, eta, onartuko dugu, ezta ideiarik ere. “Ze FOMO”, pentsatzen duzu Dolomitetako puntuan ateratako argazki bat ikusten duzunean Pinteresten.

FOMO: Fear Of Missing Out. Beste hitz batzuetan, plan on bat galtzearen beldurra. Azkenaldian modan jarri den terminoa da honakoa, batez ere sare sozialetan. Bizitzako momento orotan sentitu daiteke baina uda gerturatu ahala, lau letra horiek mundu bat bilakatzen dira askorentzat. FOMO: bakarrik gelditzearen beldurra; jendeak zu gabe ondo pasatzearen beldurra.

Ironikoa, osasun mentala eta ahalduntzea pil-pilean dauden honetan, nola FOMO terminoa hortik dabilen bueltaka. Ironikoa ere faltan botatzea inoiz eduki ez duzun zerbait eta inoiz ezagutu ez duzun batekiko jeloskor egotea. Modak gora modak behera, dena epaitzen den gizarte korapilatsu honetan, nik nahiago dut JOMO, Joy Of Missing Out, eta FOMOa izan dadila gehienez udan Euskal Herrira datozten turisten FOMOaren protagonista izateagatik.