Galtzen ari garela nabaria da, zapalkuntza eta eraso guzti hauen aurrean erantzun bateratu, sendo eta determinatu bat antolatzeko gai ez garelako, oraindik ez, behintzat. Ni behintzat nekatuta nago porrotera kondenatzen gaituzten lelo hutsez, “erresistitzea garaitzea da” edo gaztelaniazko esaldi ezaguna “cuánto peor, mejor”. Erresistitzea erresistitzea da, eta eraso bakoitzaren aurrean ezin erantzutea pausu bat atzera ematea da. Ausardiaz jokatu beharra dago, garaipenak erdiesteko anbizioa izan eta biderik eraginkorrena bilatu.
Gaur gaurkoz, egoera aztertuta errealitatea eraldatzeko potentzial gehien daukan ildoa borroka independentista dela esango nuke, espainiar Estatuak nazio auziari inolako konponbiderik ezin diolako eskaini. Espainiak ezin du onartu estatuaren batasuna kolokan jartzen duen ideiarik, ikusi besterik ez dago Podemosek azken urteetan egin duen irakurketa aldaketa Kataluniari buruz, nahiz eta hasieran erreferendumaren ideiaren defendatzaile sutsuak izan. Finean, espainiar Estatuta ezin da demokratizatu, ez dago aldaketa posiblerik eta nazio zapalduei dagokienez, ez du ezertan amore emateko asmorik.
Kataluniak espainiar Estatuari mehatxu zuzena egiten dio desobedientziaren hautua egiten duenean. Errepresioa ere latza izaten ari da eta gehiago izango da, eta gu bitartean ezin gara begira geratu. Euskal Herritik egin dezakegun elkartasun ekimenik eraginkorrena bigarren fronte baten irekiera da, desobedientzian oinarrituta. Bizitza lerratzea da, eta borrokaren alde lerratu ezean, zapaltzailearen estrategiarekin bat egiten ari gara. Batzuk hasi dira jada, Bilbon zenbait ekimen antolatu dira, Ernaik mobilizazioak egin zituen nazio mailan, manifestazioa egin zen Donostian… Elkartasun keinu hutsetatik haratago borrokan hasi behar dugu, inoren zain egon gabe.
Garaipenean sinesten hasiko gara?