Athletic

Athletic Txapeldunen Ligarako bidean

Erabiltzailearen aurpegia Iker Elorriaga 2014ko mar. 26a, 14:10

Athleticek Europan jokatzeko txartel erdia eskuan du, nahiz eta asko gelditzen den liga amaitzeko. Azken partiduetako joera onak, zaleak animatu eta amesteko prest utzi ditu. Jokatzeke dauden partiduak nahiko zailak izango dira, hala ere, taldearekiko konfiantza totala da San Mameseko harmailetan. Bilbo osoa irrikaz dago zelai berria, osoturik, Europako lehiaketa batean estreinatzeko.

San Mames Berriak esan duenez, zelaia prest legoke kanporaketa jolasteko. Abuzturako ez da oso-osorik bukatuko, baina faltan egongo dena barruko instalazioak eta azken ukituak izango lirateke, eta partidua normaltasunez jokatuko litzateke, harmaila guztiak bete-beteta. Laugarren amaituz gero, Athleticek aurre kanporaketa hori jokatuko luke. Errealak ez bezala, ziurtatu dezakegu bilbotarrak onenen zozketa ontzian egongo direla, eta maila gutxiago duen baten kontra jokatuko dutela.

Europako zozketetan FIFA maila da agintzen duena. Athletic 38. postuan dago, Europa Leaguean ateratako puntuei esker. Oraindik puntuak banatzeke daude, baina postu horretatik ez da jaitsiko, Europan gelditzen diren taldeak gorago daude eta. Komenigarria litzateke Ligako taldeak aurrera jarraitzea aurtengo lehiaketetan, horrek Athletici ere puntuak ematen dizkiolako, eta Galatasaray aurreratzea sailkapen horretan benetan garrantzitsua delako.



Athleticek ziurtatua dauka kanporaketan onenen artean egotea, baina geroko ligaxkan hirugarren edo laugarren zozketa-ontzian egotea kolokan dago, eta batean edo bestean egotearen garrantzia itzela da. Manchester United (aurtengo edizioa irabazi ezean), Valencia, Milan, Inter, Tottenham, Marseilla, Rubin Kazan, CSKA, Sevilla, AZ eta Stuttgart ez dira hurrengo edizioan egongo.

Gauzak horrela, hirugarren ontzian egoteko Athleticek 24 onenen artean egon behar du. Beraz, beste hiru kanpoan gelditu beharko dira. Horiek hori kolorez dauden taldeen artean irten behar dira, berdez daudenak txartela eskuetan dutela esan genezakeelako. Horregatik da garrantzitsua Galatasarayren aurrean egotea, arerio bat kentzeko erarik errazena delako. Lyon, Dynamo, PSV, Leverkusen eta Galatasarayk Europan sartzeko zailtasunak dituzte beraien ligetan, beraz, atzerriko ligetako partiduei begiradatxo bat eman behar dio Athleticek azken jardunaldi hautan.

Bigarren aukera bat edukiko dute lehoiek abuztuan. Nahiz eta beraien ligetan Europarako txartelak irabazi, gero, horiz daudenek, kanporaketa bat edo bi jolastu beharko dute, baina beti eurak baino maila gutxiago dituzten taldeekin. Basilea Manchesterrek Txapeldunen Liga irabazten ez badu, zuzenean sartuko litzateke ligaxkara.

Ligaxkako zozketan hirugarren eta laugarren ontzian egotearen ezberdintasuna hau izan liteke. Athletic hirugarrenean egongo balitz, gure multzoa zoriaren arabera zaila edo erraza izango litzateke. Bai ala bai jolastuko dute Bayern, Chelsea, Arsenal, Benfica edo Portoren kontra. Horiek izango dira Madrid, Barça eta Atleticorekin lehenengo ontzia osotuko dituztenak. Dirudienez bigarrenean Borussia, City, Juve eta PSG egongo dira besteak beste. Bayern–City–Athletic–Roma izan liteke txarrena, eta Benfica–Basilea–Athletic–Lieja errazena. Baina laugarren ontzian egonda dena beltzez margotzen da. Bayern–Juve–Liverpool–Athletic suertatu daiteke, edo Chelsea–PSG–Napoles–Athletic...

Azkenean hori zoriak erabakiko du datorren denboraldian. Orain dana Athleticen esku dago. Laugarren postuak ihes eginez gero, edo kanporaketan galduz gero, Europa Leaguera pasako zen zuzenean. Bertan gauzak argiagoak dira, Athletic zozketa guztietan onenen ontzian egongo litzateke zalantzarik gabe. Gogoratu beharra dago Txapeldunen Ligako ligaxketan lehengo biak pasatzen direla hurrengo fasera. Ligaxkan hirugarren gelditzen direnak berriz, Europa Leagueko kanporaketetara pasatzen dira. Horregatik talde txar bat ligaxkan edukitzea beti izaten da onuragarria.