Athletic

Europan ibiltzeko azken txangoa

Erabiltzailearen aurpegia Iker Elorriaga 2014ko api. 4a, 10:00

Athleticek zazpi pausu behar ditu datorren urtean munduko futbol taldeen lehiaketarik onenean parte hartzeko. Zazpi urrats besterik ez, presaka ibili barik, lasai-lasai eman daitezkeen oinkadak. Lau kanpoan eta hiru etxean. Hori bai, ez da domeka goizeko txangoa izango, umeekin egin daitekeena. Zazpi aurkari zein baino zein gogorragoak, puntu bat oparitzeko intentziorik ez daukatenak.

Orain, Athleticek berak eskuratu behar du han egoteko txartela. 21 puntu geratzen dira jokatzeke, eta Bilbotarrek 16 puntuko abantaila daukate Valentziarekiko, Europatik at geratzen den lehenengo taldea sailkapenean. Beraz, Europan jokatzeko txartela eskura dutela esan genezake. Baina zaleek lehiaketa horrekin amesten dute, dardaraka jartzen zaituen ereserkiarekin, futbol izar guztiak biltzen dituen lehiaketarekin, Txapeldunen Ligarekin.

Zazpi pauso horiek Levante, Malaga, Bartzelona, Sevilla, Rayo, Real Sociedad eta Almeria dute izena. Malaga, Sevilla eta Erreala etxean, eta beste laurak kanpoan. Arerioak nortzuk diren kontuan hartuta, Athleticek etxean jokatuko du Txapeldunen Ligarako txartela. Hiru dira postu horretara heldu daitezkeenak: Sevilla eta Real Sociedad sei puntura daude, Vila-real berriz, zazpira.

Baina partidu horiek baino lehenago bi partidu garrantzitsu ditu Athleticek. Lehenengoa astelehenean izango da Valentzian, lagun min baten aurka. Cuatro telebista kateak emango duen partiduan Valverderen taldeak “Jokin” Caparrosen taldearen kontra jokatuko du. Athleticeko entrenatzaile ohiak lan bikaina egin du aurten, zazpi jardunaldi falta direlarik Levantek datorren urtean lehenengo mailan jokatzea ia ziurtatuta du. 40 punturekin, Europan jokatzeko intentzio barik eta jaitsiera postuetatik lau partiduko abantaila izanik, Levantek urte osoko lana bete du. Hori bai, Caparros tartean egonda, ezin dezakegu pentsa partidua erraza izango denik. Bere talde guztiek barnean dute lehiatzeko grina, atzean gogorrak izanik, eta lan itzela egin beharko dute zuri-gorriek Keylor Navas atezain bikainari gol bakarra sartzeko. Baina Athleticek ezin ditu puntuak utzi ezer jokatzen ez duen talde baten kontra.

Valentziatik bueltan, astelehena berriro ere, Cuatro telebista kateak Malagaren kontrako partidua eskainiko du. Bernd Schusterrek, Xekearen laguntza eskergarekin (taldeko jokalari onenak udan saldu zituen) talde gazte eta lehiakor bat sortu du. Nahiz eta jaitsiera postuetan hasi ziren, apurka-apurka taldeak gora egin du. Darder, Juanmi edota neguan heldutako Amrabat gazteek taldearen joera aldatu dute, garaipen garrantzitsuak lortuz. Athletic etxeko partiduetan gogor dabil beti, eta horrela jarraitu behar du Europako txartela eskuratzeko, baina Malaga, ligan, kanpoan etxean baino puntu gehiago atera duen talde bakarra da. Arerio latza izango da San Mamesen, gogor jokatzen duena, konplexu eta presio gabe jokatzen du Rosaledatik at.

Hurrengo jardunaldia Athleticek libre edukiko du. Bartzelonaren kontrako norgehiagoka atzeratu egin baita Errege Kopako finala dela medio. Maiatzaren 6-8 bitartean jokatuko da, eta Athletici ez datorkio bereziki ondo, Rayo eta Errealaren kontrako partiduen tartean kokatu dutelako. Bartzelonak Atletico Madrid kanporatzen badu, astean bi partidu jokatuko lituzke maiatzera arte, eta dituen lesio eta kargarekin nekatuta hel daiteke. Baina Bartzelonak dituen jokalariak lehenengo mailakoak dira denak, eta partidu gogorra izango dela badakigu. Athleticek lehenengo itzuliko partidua gogoratu behar du, eta Bartzelona gailentzeko egindako lan itzela errepikatu.

Asteburu libre hori, ostera, ederto datorkio Athleticeri Sevillaren kontrako partidua prestatzeko. Hor arerio bat kanpoan uzteko aukera ederra izango dute zuri-gorriek. Min hartuta dauden jokalariak prestatzeko (Ibai eta Gurpegi izan ezik) eta nekatuta daudenak era onenean partidura heltzeko. Bartzelonak bezala, Sevillak Europan aurrera egitea komenigarria litzateke. Porto kaleratzekotan, Athleticen kontra jokatuko duten partidua finalaurreko bi partiduen tartean kokatuko litzateke, data ezin hobea. Unai Emeryren taldea sekulako bigarren txanpa egiten ari da, eta egutegirik errazena dauka, Errealarekin batera. Etsai gogorrak izango dira andaluziarrak zazpi jardunaldi hauetan, Bartzelorakin batera Europan jarraitu beharko lukete.

Horren ostean Madrilera joango dira Rayoren kontra jokatzera. Paco Jemezen taldeak futbol ausarta eta ederra praktikatzen du. Beti baloiaren jabetza bilatzen eta norgehiagoken pisua eramaten. Defentsa txarrak (ligan gol gehien jaso dituen taldea da) eta golak sartzeko arazoek partidu asko galarazi dizkio taldeari. Baina Larrivey argentinarrak, azken jardunaldietan gogotsu, golak sartzera ekin dio, eta Trashorras, Bueno eta Saulekin batera jaitsiera postuetatik ateratzea lortu dute. Bolada on horrekin jarraitzekotan, Athleticen aurkako partiduan matematikoki maila eustea lortuko dute.

Bartzelonatik bueltan Errealaren kontrako partidua dator. San Mames Barria amaitu barik jokatuko den azken norgehiagoka, eta sekulako garrantzia eduki dezakeena. Zuri-urdinen helburu bakarra Txapeldunen Ligara itzultzea da, eta egutegi aproposa daukate horretarako. Laugarren postu hori guztiz erabaki dezakeen partidua izan daiteke. Anoetan donostiarrak hobeak izan ziren, 2-0 irabaziz, baina San Mamesen jokatuko dena finaltzat jo dezakegu. Vela, Griezmann, Agirretxe, Seferovic, Xabi Prieto... aparteko jokalariak dira baina derby guztietan bezala, edozeinek irabazi dezake; aparteko partidua izango da.

Liga amaitzeko Almeriara joango dira lehoiak. Partidu gogorra izan daiteke, jaitsierako postuetan dagoelako Andaluziako taldea. Baina azken partidua denez, baliteke bigarren mailara joango direnak ordurako ezagutzea, eta Almeriak lasaiago jokatuko luke. Horrela ez balitz, Athleticek azken pausua kanpoan eta talde gogor baten kontra emango du. Almeria ez da San Mamesen sei gol hartu zituen talde berdina. Vidal, Verza, Suso, Coronak... mailaz ez jaisteko gogotsu, sailkapenean gora egitera behartu dute taldea. Azkenengo partiduetan, Erreala eta Valentziaren kontra, partiduak aurrera atera dituzte, bi goleko desabantaila altxatuz. Taldea ez dago puntu bakarra galtzeko prest, eta maila jokoan badute, arerio latza izango da zalantza barik.