Athleticek azkenengo bost partiduetatik bakarra irabazi du, San Mamesen Getaferen auka, eta hiru puntuak eskuratzeko premia dute zuri-gorriek. Asteburuan Errealak eta Vila-Realek galdu zuten, Sevillak, berriz, 4-1 irabazi. Andaluziako taldea bilbotarren arerio nagusia bihurtu da azkenengo jardunaldietan. Astelehenetan jokatzeak presio hori dakar, baina Txapeldunen Ligarako txartela eskuratzea ez da inoiz ekintza erreza izan.
Iraizoz, Balenziaga, San Jose, Etxeita, De Marcos, Iturraspe, Mikel Rico, Muniain, Susaeta, Aduriz eta Ander Herrera. Hori izan daiteke Valverderen hamaikakoa. Aulkian Saborit, Guillermo, Toquero, Moran, Beñat, Albizua eta Iago Herrerin egongo dira. Txingurrik aurreratu zuenez, Etxeita izango da San Joseren bikotea. Denboraldiko lehenengo minutuak izango dira berarentzat, pasadan denboraldian bigarren mailako defentsarik onenetarikoa izan arren, ez du entrenatzailearen konfiantza jaso, eta gaur izango du bere izena aldarrikatzeko aukera ederra. Bere eskuman de Marcos egon daiteke, Levantek bi hegaletatik lantzen ditu erasoak, eta kasu horretan Laguardiako gaztearen bizkortasuna aukeratzen du Valverdek. Erdialdean eta aurreko partean ez dira aldaketarik espero. Athleticeko entrenatzaileak aurrerantzean ez zuela txandakatzerik egingo esan zuen, eta hasierako hamaikakoan Iker, Susaeta, Herrera eta Adurizek jokatuko dutela pentsa genezake.
Jokin Caparrosen hasierako hamaikakoa hau izan daiteke: Keylor, Hector Rodas, Vyntra, Juanfran, Nikos, Diop, Simao Mate, Ruben Garcia, Casadesus, El Zhar eta Barral. Aulkian: Ruben, Javi Jimenez, El Adoua, Xumetra, Sergio, Pedro Lopez, eta Baba egongo dira. Utrerako entrenatzailearen talde guztiek barnean dute lehiatzeko grina, atzean gogorrak izanik, eta Keylor Navas atezain bikainari gol bakarra sartzea ez da erraza izango. Goian El Zhar, Barral eta Casadesus egongo dira. Beharbada ez dira kalitate tekniko larregi dituzten jokalariak, baina baloi guztiak jokatzeko gogoak eta indarra lehia guztietan erakusten dute. Horrez gain, eskarmentu handiko jokalariak dituzte, Juanfran kapitaina taldeko eredua da, lana, apaltasuna, indarra eta beti lehiatzeko prest dagoena. Athleticen onerako, Levantek ez du asko jokoan, 9 puntu ateratzen dizkio Getaferi (jaitsiera postuan dagoena), eta azkenengo partiduak lasaitasunez jokatzeko aukera lortu dute.
Estrada Fernandez epaile Katalanak gidatuko du norgehiagoka. Athleticek ez du oraindik irabazi epaile honekin, hiru partidu galdu ditu eta bakarra berdindu. Baina gaur Athleticek aukera ederra du 6 puntuko errenta berriz jartzeko, eta atzetik datozen arerioei mezu argi bat usteko. Besteak dira desabantaila altxatu behar dutenak, eta lehoiak tinko eustekotan, Txapeldunen Ligak San Mames berria ezagutzeko aukera izango du.