Nahiz eta lehenago Euskadiren publizitatea eraman, findegiaren logotipoa jartzeak zale zuri-gorriengan eztabaida sortu zuen. Bilboko taldeak, bere 110 urteetan, ez zuen inoiz bere kamisetan enpresa pribatuen publizitaterik eraman, eta hiru urterako akordioa sinatu zuten.
Hiru urte horiek pasa zirenean, eta 6 milioi baino gehiago sakelean edukita, zaleek begi onez ikusi zuten esperientzia hori errepikatzea. Esan eta egin, 2011ko otsailean akordioa beste hiru urterako luzatu zen. Kirol lorpenengatik diru gehiago jaso zuten leohiek, 350.000 final bakoitzagatik, besteak beste. Hala ere, ligaren barruan, elastikoan publizitatea eramateagatik jasotzen duten diru-sarreren taularen erdian daude.
Baina egoera asko aldatu da. Athletic, gaur egun, ez da taula erdiko talde bat. Datorren urtean Txapeldunen Ligan arituko dira, eta horrek enpresa internazional guztien begiradak erakarriko ditu Bilbora. Orain dela hiru urte, otsailean berretsi zuten publizitatearen akordioa, denboraldi honetan, aldiz, maiatzean gaude eta ez daukagu inolako informaziorik. Argi dago zaleen artean eztabaidarik ez dagoela, 6 urteren ondoren publizitatera ohitu direla esan genezake, eta dirua jartzen duen beste iragarle baten alde egon daitezke.
Izan ere, azkenengo urteetan, kamiseten iragarkien prezioek gorakada izugarria izan dute. Real Madrid eta Bartzelonak 30 milioi inguru jasotzen dituzte urtero, eta Azerbaijanek 20 milioi ematen dizkio Atleticori urtero. Hiru talde horiek dira Athleticekin Txapeldunen Ligan jokatuko dutenak, eta beraiek 10 edo 15 aldiz gehiago irabazten dute publizitatearekin. Esan beharra dago ere, hauek ez direla gehien irabazten duten taldeak, City, PSG, Bayern edota Arsenalek akordio hobeak baitituzte.
Athelticek aukera bikaina dauka iragarle berria topatzeko. Petronorrekin duten akordioa oraindik berritu ez izana, beste aukera batzuk aztertzen ari diren seinale izan daiteke. 2 milioi gutxiegi dela pentsa dezakete Ibaiganen, Sevillak kopuru hori irabaziko duelako 10 partidutan Visit Malaysiari esker. Valentzia eta Sevilla 4-5 milioi tartean mugitzen dira, baina Sevillak 4 urte daramatza Txapeldunen Ligan jokatu barik eta Valentziak, datorren urtean, ez du Europako txapelketarik jokatuko, horregatik azkenaldian arazoak dituzte iragarleak aukeratzeko.
Zuri-gorriek datorren urtean Europan jokatuko dute ziur, eta Ameriketan bira txiki bat egiteko proposamena dute datorren denboraldiko prestakuntza egiteko. Egun aproposak izan daitezke enpresa handiekin akordioak sinatzeko. Publizitatearen diru sarrerak bikoiztea edo hirukoiztea ez da begi txarrez ikusiko Bilbon, eta munduko talde txapelketa onenean zelai eta kamiseta berriak era hoberenean estreinatuko lirateke.