Athleticek ziurtatuta dauka laugarren postua, beraz, datorren urtean Txapeldunen Ligako play-offa jokatuko du. Errealak, berriz, Europa Leaguerako txartela eskuetan dauka, baina bostgarrena izateko aukerak ditu oraindik.
Zuri-urdinak seigarren postuan daude eta bi puntura Sevilla daukate. Bostgarren gelditzen dena Europa Leaguera doa zuzen, inolako kanporaketarik jokatu gabe. Seigarrenak kanporaketa bat jolastu behar du, eta zazpigarrenak bi jolastu behar ditu. Hori da jokoan dagoen bakarra aurtengo derbyan, azken urteetako lasaiena izango da, zaleen gustukoa, disfrutatzeko egina.
Athletic urteko lanak bukatuta azalduko da berdegunean, eta era bikainean bukatuta ere. Valverderen hamaikakoa ezohizko jokalariez josita egon daiteke: Toquero, Etxeita, Beñat, Iago… jolasteko aukerak dituzte. Lanak eginda edukitzeak dakarren lasaitasunarekin prestatu dute norgehiagoka, motibazio bakarra derbya irabaztea da, eta zer nolako motibazioa! Zelaira irtetzen dena irtetzen dela, irabazteko gogoarekin arituko da.
Erreala lehenengo itzuliko emaitza errepikatzeko asmoarekin dator, zuri-urdinek bi eta huts irabazi zuten Anoetan. Sevillan Europa Leagueko finala prestatzen ari dira, eta beraien hutsegitea aprobetxatu nahi dute Jagoba Arrasataren mutilak. Vela, Griezmann, Canales, Agirretxe… hasierako hamaikakoan izango dira. Liga osoko azken taldea izango da San Mames berria ezagutzen, eta beriaen etxea izan daiteke Anoetako obrak hasten direnean, beraz, marka zuri-urdin bat jarri nahi dute San Mameseko harmail gorrietan.
Del Cerro Grande Jauna izango da epailea, bederatzi partidu jokatu ditu Atheticek berarekin, eta ez du inoiz galdu, sei irabazi eta hiru berdindu. Beraz, disfrutatzeko norgehiagoka izango da, larunbatetik bero-bero etorriko dena. Bertso-derbyak BBK aretoan zaleak suspertuko ditu, baina, tamalez, ez da jende asko etorriko Donostiatik. Zelai erdiarekin jokatuko den azken partidua izango da (Bilbao Athleticek play-offetan erabiltzen ez badu).
Zaleen begiradak europatik zehar ibiliko dira asteburu honetan. Leverkusenen jokatuko da asteburu honetako partidurik garratzitsuena. Larunbatean, 15:30ean, Werder Bremenek Bayer Leverkuseni irabazi behar dio eta mirari baten zain itxaron. Bundesligako azkenengo jardunaldia da eta Bayer Txapeldunen Ligatik at geratu daiteke, notizia ederra izango litzateke zale zuri-gorrientzako. Hala ere, ez da Athletic lagundu dezakeen talde bakarra, Galatasaray eta Lokomotiv bigarrenak gelditu behar dira Turkia eta Errusiako ligetan, eta bi jardunaldi gelditzen dira bi ligetan.