Goian bego, Iragorri

Erabiltzailearen aurpegia Iker Elorriaga 2014ko eka. 4a, 08:54
David de Haro
URIOLAko lagunok gure doluminik sentikorrena adierazi nahi diogu Jose Iragorriren familia osoari. Bere familia handiari, era zabalean, jende askok maite zuelako. Iragorri ez zen mikrofono atzean eskutatzen den kazetarietako bat, beti adeitsu zegoen lekuan zegoela, horregatik izan da hain maitatua.

Bizkaiko futbolak bere erreferentzia handienetako bat galdu du, eta bere famili eta lagunek, gizon miresgarri bat. Bere emazte eta bi semeentzat, zein Herri Irratiko lagun eta entzuleentzat, gure doluminak.

Zorionez bera ezagutzeko aukera izan nuen, nik eta beregana hurbiltzen ziren guztiek ere; alaia eta apala, fama era onenean zeraman gizona zen. Haundia zen oso, bai tamainaz, bai bihotzez ere. Bihotz haundi horretan edonorentzat zegoen lekua. Berak uneoro zeukan futbola buruan, Athletic zen bere talde kutuna; gaztaroan bertan jokatu zuen eta, baina Bizkaiko futbola goitik behera ezagutzen zuen, eta bere bi semeak, nola ez, txikitatik ikusi ditugu bai Maionan eta baita Artxandako zelaietan ere.

Bere ahotsak San Mames zaharreko armailetan iraungo du betirako. Nork ez du inoiz Athleticen gol batean “Bacalao, bacalao, bacalao!!” ohiukatu? Berea izan da azken urteetako Herri Irratiko ahots paregabea. Partiduak ematerakoan zelaian bezela sentiarazteko ahalmena zeukan Hossek, eta zuzenean ikustea are arrigarriagoa zen. Askotan izan dut ikusteko aukera, eta kontaketa, narrazioa, deskribapena... ikaragarria zen.

Duela urte batzuk, Zientzia Politikoak ikasten negoenean berarekin bidaiatzeko aukera izan nuen. Gaztea banintzen ere, futbol entrenatzailea nintzen, eta Valladolidera joan ginen Hoss, Asier eta hirurok. Sekulako esperientzia izan zen, Adurizek bi gol sartu zituen eta Caparrosen taldeak Bilbora hiru puntuak ekarri zituen. Gauzak zer diren, azkenean valladolidera bueltatu nintzen eta kazetaritza ikasketak bertako unibertsitatean egin nituen.

Ez dago gauza askorik esateko momentu hautan, denok faltan botako zaitugu; zure familiak, zure lagunek, zure entzuleek eta zure alboan lan egin eta ikasi dugun guztiok ere. Badakigu Txapeldunen Ligako ereserkia entzuterakoan, hor egongo zarela, gure artean, Katedralean, zure etxean, betiko lekuan, inor baino ozenago “bacalao, bacalao, bacalao” oihukatzeko gogoarekin.

Eskerrik asko Hoss!!!