Iazko uda osoan hizketan ibili ziren Ander eta Manchester United, eta azken momentuan taldeak bertan behera utzi zuen jokalaria eta adostasuna, Ander egoera latzean utziz. Ingelesek entrenatzailea aldatu zuten eta Evertoneko (entrenatzaile berria zetorren taldea) Marouane Fellaini aukeratu zuten Herreraren ordez, hautu benetan txarra. Denboraldi kaskar baten ondoren datorren urtean ez dute Europako lehiaketarik jokatuko. 25 urte zeramatzan deabruen taldeak Europan etengabe jokatzen.
Urte bat geroago, beraien proiektu berria eraiki nahi dute. Horretarako entrenatzaile berriarekin sinatu dute, Bartzelonan izandako Louis Van Gaal, eta Europako merkatua miatzen hasi dira. Horretan abantaila zuen bilbotarrak, eta aipatutako akordioak kontuan hartuta eskaintza berdina luzatu diote. Orduan bezala, onartu egin du. Ziztu bizian joan da dena, bost egun barru bere prezioa 36tik 40 milioitara igoko delako.
Javi Martinezen kasua datorkigu burura, antzekotasunak ugariak direlako. Beste talde batean hazitako jokalaria, klausula ordainduta datorrena, eta klausula ordainduta doana. Anderrek Zaragoza du bihotzean, baita Athletic ere, eta orain Manchesterri lekua egingo dio, horrelakoa da gaur egungo futbola. Oraingoan ere, notiziak, ezustean harrapatu gaitu. Valverderentzako ezinbesteko jokalaria da, eta entrenatzailea ez dago batere pozik. Nahiz eta bere lekuan jokatu dezaketen hainbat jokalari aukeragai dituen Lezaman, Herrera zen taldea gidatzen zuena, eta hori ordezkatzea ez da lan erraza izango.