Probak egiteko denbora da, eta Ander Herreraren hutsunea betetzeko jokalariaren bila dabil Valverde. Ez du sistema aldatzeko asmorik, beraz, postu horretara hobekien moldatzen denak jokatuko ditu hurrengo partiduak. Bere ustean Austriara joateak Lezamako oihuengandik urruntzeko erarik onena da. Bertan lasai landu dezakete zein izango den datorren denboraldiko hamaikakoa. Entrenatzaileak oso gustukoa du Saalfeldeneko egoitza. Askotan joan da bertara lan egitera bere taldeekin, eta bertan entrenatzeak zorte ona dakarrela uste du, hortik pasa eta gero denboraldi bikainak gauzatu dituztelako Valverderen taldeek.
Hamaikakoa prestatzeaz gain, deskarteak egin beharko ditu Txingurrik. 29 jokalari eraman ditu Austriara, eta gehienez 25ek edukiko dute lehen taldeko fitxa, azken orduko fitxaketarik egon ezean, Bilbao Athleticera bueltatu beharko dira gutxienez 4 jokalari. Kepa Arrizabalagaren kasuan, 2.A mailako talde batera joan daiteke denboraldi bat jokatzera.
Baina aurre denboraldiko punturik garrantzitsuena Txapeldunen Ligako kanporaketa izango da. Valverdek arerio oso gogorra izango zela bazekien, eta horrela izango zelakoan entrenamendu gogorrak prestatu ditu, era onenean heltzeko asmoarekin. Berak arrazoi. San Petersburgoko Zenit talde kaskar baten kontra jokatuko du, Txipreko Limassol. Futbolean edozer gauza gerta daiteke, baina normalena Athletic zozketa buru ez izatea izango da, beraz, miraririk egon ezean Zenit, Oporto, Arsenal, Napoles edota Bayerren kontra jokatu beharko du kanporaketa.