Hurrengo norgehiagokak latzagoak izango dira

Erabiltzailearen aurpegia Iker Elorriaga 2014ko uzt. 29a, 09:04
Iturria: www.athletic-club.net

Athleticek amaitutzat eman du Austrian egindako prestaketa. Jokalariek egun librea daukate eta bihar, arratsaldeko 18:00etan lanari berriz ekingo diote Lezaman. Ateak irekita egongo dira zale guztientzako eta nesken taldea aurkeztuko da ordu berean. Giro polita espero da Athleticen egoitzan, mutilen lehen taldeak 10 egunez kanpoan lan egin ondoren; eta nesken lehen taldearen aurkezpena izanda.

Saalfelden egindako lan onari jarraipena emateko ordua da. Pozik itzuli da Valverde Austriatik. Han 3-0 aise menderatu zuten Al Hilal lehenengo partiduan. Bigarrenean lan gehiago egin behar izan zuten Bundesligako Paderborni irabazteko, 2-1 Ibai eta Borja Vigeraren golei esker. Hirugarren, eta azkenengo partiduan, ordea, ezin izan zuten Werder Bremen menderatu. Nahiz eta partidu ederra jokatu, eta berdinketa baino gehiago merezi, bina berdindu zuten. Izan ere, Adurizen beste tontakeri batek, epaileak txartel gorria atera zion protestaka ibiltzeagatik, taldea ordubetez hamarrekin jokatzera behartu zuen.

Arerioen maila gero eta handiagoa izatea da Txingurrik buruan daraman prestakuntzaren gakoa. Horrela, hurrengo norgehiagokak latzagoak izango dira aurre denboraldi honetan, datorren hilabeteko Txapeldunen Ligako kanporaketan oinarrituta. Hori izango da lehoien lehen helburua. Eta horretarako Benficaren kontra neurtuko dira ostegun honetan Suitzan, eta larunbatean Baionan izango dira, Toulousen kontra jokatzeko prest.

Egutegia

Txapeldunen Ligako kanporaketaz gain, Ligako hasiera kontuan hartzekoa da. Egutegiaren zozketa onuragarria izan da Athleticen nahietarako. Lehenengo partidua kanpoan izango da, Malagaren kontra. Horrela San Mamesen harmailak bete-beteta jokatuko den lehenengo partidua Txapeldunen Ligako kanporaketan izango da, abuztuaren 19/20an edo 26/27an. Kanporaketa kontuan hartuta Malagako partidua 23an jokatu da seguraski, beraz, uda partean Andaluzian dauden zaleek hurbiltzeko aukera izango dute. Horrez gain, Ligako arduradun den Javier Tebasek partiduren bat gaueko 23:00etan jarriko zuela esan zuen, Malagako beroa kontuan hartuta, hautatua gurea izan daiteke.

Ligan San Mamesetik pasatuko den lehenengo taldea Medilibarren Levante izango da. Horren ostean, selekzioek lehiaketa bi astez geldituko dute. Bartzelona izango da arerioa lehiaketaren bueltan, Camp Nou zelaian, une egokiena izan ohi da halako talde bat menpean hartzeko, bere jokalariek partidua prestatzeko oso denbora gutxi izaten dutelako. Athleticen web orrian ikusgai dituzue denboraldiko partidu guztien datak.