Valverderen mutilak banako berdinketa ekarri zuten Napolesetik, beraz, hutsean berdintzea edo irabaztea da balio duen bakarra. Azken adierazpenetan argi utzi dute jokalariek, irabaztera irtengo direla, ez daukate beste ezer buruan, eta horretarako zale guztien indarra jasoko dute.
Zelai barria bukatuta ikusteko irrikak eta Txapeldunen Ligako pasea eman dezakeen partidua izateak, Bizkaitar guztien grina piztu du. Astelehenean ilarak sekulakoak izan ziren San Mames Barrian. Sarrera guztiak saldu zituzten eta jende anitz sarrera gabe gelditu zen, hori dela eta birsalmenta agertu da, aspaldiko partez. Zelai barria txiki geratuko da bere lehenengo norgehiagokan.
Izan ere zelai barria ederra da bere osotasunean. San Mames izena jaso zuen bere lehenengo denboraldian, baina Katedral ezizena jasotzeko gau berezi asko bizi beharko ditu. Lehenengoa hau izango da. Kanpoko argiak giroa berotzeko apartak dira eta jarri duten Athleticeko armarria Pozas kale guztian zehar ikusi daiteke. Barruko giroa apartekoa izango da ere; harmaila guztiak jendez gainezka, eserleku librerik ez, San Mames zuri eta gorri...
50.000 zale baino gehiago espero dira gaur San Mamesen eta horietariko asko, Melia hotelean bilduko dira arratsaldeko 18:30etan. Bertan taldearen irteera itxaron eta autobusa zelaira arte lagunduko dute. San Mameseko metro geltokia itxita egongo da 20:00etatik 20:45etaraino. Bi sarrerak, Sabino Arana eta Termibus, metroan datozenentzako irteerak izango dira, arazo larriak ekiditeko asmoarekin.