Lehenengo loteria-ontzitik Porto taldea tokatu zaie Valverderen mutilei. Portugalgo taldea onenen artean egon arren, itxuraz, ontzi horretako ahulena zen. Athleticen antzera aurreko kanporaketa bat irabazi zuen, eta azkenengo udetan bere jokalari onenak saldu dituzte. Entrenatzailea Julen Lopetegi asteasuarra da, Athleticeko jokalariak ederki ezagutzen dituena. Zaleentzako bidai ederra izan daiteke, hurbiltasunak eta beste bien urruntasunak kontuan hartuta, jendea animatuko da eta emango dizkiguten 2.500 sarrera inguru erraz saldu daitezke.
Bigarren loteria-ontzian Ukraniako Shakhtar Donetsk irten da. Guda erdian dagoen herria da Donetsk, hegazkina jausi zen lekua, baina azkenengo partiduak Poloniako mugatik hurbil dagoen Lviv herri xarmangarrian jokatu dituzte. Haien jokalari onenekin arazoak izan dituzte, izan ere bost brasildar eta argentinar bat aurre denboraldiko partidu bat aprobetxatuz frantzian gelditu ziren, baina aste bat geroago Ukraniara itzuli ziren Douglas Costa, Fred eta besteak.
Azkenengo ontzia errezena zen, eta Bielorrusiako BATE Barisovaren kontra jokatuko dute lehoiek. Azken urteetan Europatik zehar ibili den talde gaztea da, apurka-apurka ezaguna egin dena. Neguan han jolasteak dakarren zailtasuna da bere gogortasunaren oinarria. Talde trinko eta indartsua, irabazteko erreztasunak uzten ez dituena.
Athleticek hurrengo fasera pasatzeko aukera anitz ditu. Zozketan talde gogor guztiak sahiestea lortu dute, eta esan daiteke talderik errezenak lortu dituztela. Hauxe izango da egitaraua; San Mamesen hastea eta bukatzea beti izaten da komenigarria.
17/09/2014 Athletic Club-Shakhtar Donetsk
30/09/2014 Bate Borisov-Athletic Club
21/10/2014 Porto-Athletic Club
05/11/2014 Athletic Club-Porto
25/11/2014 Shakhtar Donetsk-Athletic Club
10/12/2014 Athletic Club-Bate Borisov