Athletic

Txapeldunen eguna

Erabiltzailearen aurpegia Iker Elorriaga 2014ko ira. 17a, 13:20

www.athletic-club.net

Athleticek Shakhtar Donetsken kontra jokatuko du gaur San Mamesen. Txapeldunen Ligaren ordu klasikoan, 20:45ean, hasiko da norgehiagoka Katedralean, harmailak gainezka daudenean, txartel guztiak saldu baitira.

Ukrainako taldea, Portorekin batera, zuri-gorrien aurkari zuzena da. Iaz Errealaren kontra jokatu zuen Txapeldunen Ligan, eta bi partidak irabazi zituen: 4-0 Donetsken eta 0-2 Anoetan. Beraien herrian jasaten hari diren gatazkaren ondorioz arazoak eduki zitzaketen, baina Ukrainako ligako partida guztiak irabazi dituzte, eta gogotsu heldu dira Bilbora.

Sanba brasildarra dantzatzen duen taldea da, bertikala eta azkarra, kontrara ederki jokatzen duena. Luiz Adriano, Douglas Costa, Taison, Teixera... guztira 13 brasildar dituzte taldean eta golak sartzeko ardura beraiek jaso dute. Ukrainarrek, berriz, defentsan dute helburu nagusia, baina Bartzelonan jokatu zuen Chygrynkiyk ez du jokatuko. 

Valverdek, ordea, jokalari guztiak ditu jokatzeko prest. Baina aldaketak egon daitezke hamaikakoan, Gurpegik kolpe gogorra jaso zuelako Camp Noun edo Susaeta fisikoki motel xamar dagoelako. Lehenengo partida, etxean izanda, irabazteko garrantzia argi utzi zuen prentsa aretoan. Shakhtar iazko talde berdina izanda, bere futbola aztertzeko hamaika bideo ikusi dituztela esan zuen Txingurrik.

Ernesto Valverdek honako jokalariak deitu ditu Shakhtar Donetsk taldearen aurka jokatzeko: Iraizoz, Laporte, Moran, San Jose, Beñat, Iturraspe, De Marcos, Ibai, Iago Herrerin, Susaeta, Iraola, Etxeita, Mikel Rico, Gurpegi, Muniain, Aduriz, Guillermo, Aketxe, Balenziaga eta Unai Lopez.

 

UEFA Youth League

UEFA Youth League-ren lehen jardunaldiari dagokion Athletic Club eta FC Shakthar Donetsk taldeen arteko partida gaur goizeko 12:00etan Lezaman jokatuko da. Bertan bi taldeetako 19 urte arteko jokalariak ariko dira lehian. Aukera ederra izango da jokalari gazteen maila zein den neurtzeko. Bilbao Athletic, Basconia eta Gazteen taldeko jokalariak hartuko dute parte, Joseba Etxeberriaren aginduetara egongo dira.

Lehenengo deialdian Lezamako jokalari hauek sartu dira: Unai Etxebarria, Markel Areitio, Jon Sillero, Unai Nuñez, Iñigo Baque, Xiker Ozerinjauregi, Aitor Arego, Andoni Lopez, Jon Aspiazu, Iñigo Arzuaga, Ander Mediavilla, Gorka Garai, Asier Parra, Jurgi Oteo, Asier Villalibre, Iñigo, Cordoba, Iñigo Vicente, Gorka Guruzeta, Javi Alonso eta Andoni Fernandez.

Klubaren orrialde ofizialetik zuzenean streaming bidez ikusi ahal izango da. Lezamako instalazioetara hurbildu ezin izango diren Athleticeko zaletuek zurigorrien partida internet bidez ikusi ahal izango dute.