Athletic

BATEra irabaztera

Erabiltzailearen aurpegia Iker Elorriaga 2014ko ira. 30a, 11:09

Athleticek Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldia jokatuko du gaur arratsaldeko 20:45ean. BATE Borisovek bere lehen partidua sei eta huts galdu zuen Portoren kontra, beraz, Bielorrusian irabaziz gero, Europako lehiaketetan jarraitzeko aukerak asko igoko lirateke. Animatzeko eta joera txarrari buelta emateko, zuri-gorrien zale ugari egongo dira zelaian, taldea aurrera eramateko asmoarekin, denak batera.

BATEk, Athleticek pasadan hilabetean egin zuen bezala, bere zelai berria estreinatuko du Txaeldunen Ligan. Zelai txikia da, 13.000 jesarlekuekin, baina zelai berriak dakarren irrikaz baliatu nahi dira zuri-gorriak menpean hartzeko. Valverderen mutilek ez zuten zelaian entrenatzeko aukera onartu, bidai luzearen ostean hotelean atsedena hartzea hobeto zela pentsatu zutelako. Bielorrusiako taldearentzat derrigorrezkoa da gaur irabaztea. Porton jasotako jipoiaren ostean, Europan jokatzen jarraitzeko, hiru puntuak eskuratu behar dituzte ia derrigorrez.

Baina horretarako, Athleticek bezala, haien emaitzen joera aldatu beharko dute. Behartuta dauden bi taldeen norgehiagoka izango bait da gaurkoa. Azkenengo bost partiduetatik BATEk bakarra irabazi du, Athleticek, ostera, bat bera ere ez. Zuri-gorriek ez dute inoiz beraien kontra jokatu, baina azkenengo zazpi urteetan Yermakovichen taldeak Izarren Ligako lau taldeen kontra jokatu du (Bartzelona, Madril, Valentzia eta Vila-real) eta partidu guztiak galdu zituzten.

Valverdek, prentsa aretoan, iraganak gaurko partidurako ez duela ezer balio argi eta garbi esan zuen. Ez Athleticen iragan hurbila, azkenengo partiduetako gorabehera guztiak, ezta BATEren iragana ere. Txingurrik dituen ia jokalari guztiak deitu ditu. Bere esanetan, hau beste txapelketa bat da, guztiz bizirik dauden txapelketa, eta ligako dudak alde batera utzi behar dituzte zelaira irtetzerakoan. Gaurkoan irabazteak jokalarien gogoak pizteko derrigorrezkoa deritzo.

Ernestok gaurkoan Adurizen atzean nor jokatuko duen badakiela esan zuen, baina, ez zuen argitu, nor izango zen eta txandatzeak egongo diren edo ez. Jokalari hauek dira Bielorrusian jokatzeko prest daudenak: Iraizoz, Toquero, Laporte, Erik Moran, San Jose, Beñat, Iturraspe, De Marcos, Ibai, Iago Herrerin, Susaeta, Iraola, X.Etxeita, Mikel Rico, Gurpegi, Muniain, Aduriz, Guillermo, Balenziaga, Arrizabalaga eta Unai Lopez.