Joera txar horreri buelta emateko, zuri-gorriek, jarraitzaleen berotasuna eta animoak hurbil edukiko dituzte. 3.000 zale inguru espero dira Portugalen, eta atzo beraien eztarrien indarra entzun zen hiri osoan zehar. Beti lez, zaleen grina eta kemena, hor egongo da, taldea bultzatzeko asmo eta gogo guztiekin, denok batera, horixe baita lehoien indarra.
Izan ere, jokalariak ez daude egoera onenean, hori garbi utzi dute azken egunetan. Nahiz eta, joko aldetik, hobeto ibili ziren azken partidan Celtaren aurka, taldea jaitsiera postuetan dago, gauzak txarto egiten ari diren seinale. Baina futbolak halako gauza xelebreak izaten ditu, eta onerako edo txarrerako atzo egindako lanak askotan ez du zerikusirik bihar egiten den lanarekin. Eta gaurkoa joera alda dezakeen partida izan daiteke, zalantzarik gabe.
Hori baita aspaldiko partez bila dabiltzan gakoa, inflexio puntua, hain zuzen ere. Inork ez du kolokan jarri entrenatzailearen edo taldearen maila, eta egoera aurrera ateratzeko pertsona aproposenak Lezaman lanean ari direnak dira, beraz, “Athleticen beldurrik ez”. Zuri-gorriek, Europako Kopan, kanpoan irabazi duten partidu bakarra Porton izan zen 1956.urtean, txapelketa honetako bere lehen partiduan.
Emaitza eder hori errepikatzeko asmoarekin joan ziren Valverdek deitutako 22 jokalariek Portora, baina lau deiaditik kanpo geldituko dira. Hona guztien izenak: Iraizoz, Aurtenetxe, Laporte, Erik Moran, San Jose, Beñat, Iturraspe, De Marcos, Ibai, Iago Herrerin, Susaeta, Iraola, X.Etxeita, Mikel Rico, Gurpegi, Muniain, Aduriz, Viguera, Guillermo, Balenziaga, Arrizabalaga eta Unai Lopez.