Athletic

Itzartzeko goiz ederra

Erabiltzailearen aurpegia Iker Elorriaga 2014ko aza. 2a, 10:24

Argazkia: http://www.athletic-club.net

Athleticek Sevillaren aurka jokatuko du goizeko hamabietan San Mamesen. Irabaztea, hiru puntuez gain, taldea esnatu den seinale izango litzateke, asteazkenean Portoren kontra jokatuko duen partidurako gogoak berpiztuz.

Izan ere, denboraldi honetako Sevilla, mende hasierako talde gogor huraren antzekoa da. Unai Emeryren lanak egunero hobetzen du taldea; eta gaur San Mamesen irabaziz gero, lidertzan jarriko litzateke Nerbioiko taldea, Bartzelona, Madril eta Atleticoren aurretik. Beraz, Athleticen maila neurtzeko, eta benetan hobera joan diren ikusteko froga ederra izango da.

Aurrean talde benetan azkarra eta indartsua edukiko dute zuri-gorriek, aukerarik oparitu ezin daitekeen horietarikoa. Bacca, Gameiro, Denis Suarez, Aleix Vidal... kontrara ederto mugitzen diren jokalariak dira. Horrez gain, baloia mugitzen eta partiduak kontrolatzen badakite, eta Emeryren talde guztiak bezala, estrategia jokaldietan benetan arriskutsuak dira.

Baliabide guzti horiei aurre egiteko Ernesto Valverdek jokalari guztiak prest ditu. Sevillak sistema desberdinekin jokatzeko joera du, aldaketa askorekin. Txingurrik, prentsa aretoan, ez zuen argitu nor egongo zen hasierako hamaikakoan, baina Sevillari aurre egiteko taldea buruan zuela aitortu zuen. Almerian lortutako garaipenak, naiz eta berebiziko partida ez izan, animoak suspertu ditu. Egoerak kaxkarra izaten jarraitzen du, baina gaur irabaziz gero, 6 puntu jarraian aterata, beste era batera hartuko lukete Txapeldunen Ligako finala.

Ernesto Valverdek honako jokalariak sartu ditu deialdian: Iraizoz, Laporte, San Jose, Beñat, Iturraspe, De Marcos, Ibai, Iago Herrerin, Susaeta, Iraola, X.Etxeita, Mikel Rico, Gurpegi, Muniain, Aduriz, Viguera, Guillermo, Aketxe eta Balenziaga.