Athletic

Kopako lehenengo urratsa

Erabiltzailearen aurpegia Iker Elorriaga 2014ko abe. 2a, 17:11

Argazkia: www.athletic-club.net

Athleticek Alcoyanoren aurka jokatuko du gaueko 20:00etan El Collao futbol zelaian.

Minutu gutxi jokatu duten jokalarien ordua izango da, eta zelaian gehien egon direnak Bilbon geratuko dira atsedena hartzen. Hori dela eta, Iago Herrerin eta Aurtenetxeren lehenengo minutuak ikusteko aukera edukiko dugu, beraiek baitira segundo bakar bat ere jokatu ez duten bakarrak. Atzelariaren kasuan, larunbatean hasierako hamaikakoan errepikatzeko aukera edukiko du, Balenziagak bosgarren txartel horia ikusi zuelako, eta ezin izango du Kordobaren kontrako partiduan parte hartu.

Kopako deialdiek berezitasun bitxi bat daukate, eta bigarren B mailako talde bat areriotzat edukiz gero, hamasei jokalari bakarrik eraman ditzakezu. Zerrenda horretan: Moran, Bustinza edota Aketxe agertzen dira eta hasierako hamaikakoan egoteko aukera dute. Denboraldia oso luzea izango da hiru txapelketekin, eta guztien indarrak behar dira taldea aurrera eramateko. Taldearen bolada onak eta itzuliko partida San Mamesen izanda, gaurkoak egun aproposa dirudi txandatzeak egiteko.

Alcoyano, zuri-gorrien antzera, txarto hasi zuen denboraldia eta jaitsiera postuetan kokatu zen. Baina azkenengo asteetan berebiziko bolada ona izan du eta lehenengo postutik lau puntura hurbildu da. Baloia ederto mugitzen dakien taldea da, baina atzealdean arazoak dituena. Txapeldunen Ligan dagoen talde baten aurka etxean jokatzeak dakarren grinak eta zaleen gogoen bultzakadarekin bat talde oso motibatua sortuko du. Beraz, Athleticek gogoz hartu beharko du lehia lehenengo unetik.

Horrez gain, txapelketa hau oso garrantzitsua da bi taldeentzako. Alcoyko taldeari loteria eta sarrerekin irabazitako dirutza lapurtu zioten joan den asteburuan. Talde apal batentzako izugarrizko diru galera da, eta lehiaketan jarraitu nahi dute lapurtutakoa berreskuratzeko. Athleticek, berriz, finalerako bidea zein izango den jakinda, begi onez ikusten du aurten Kopa. Zaleek ere, beti izan dute bihotzean txapelketa hau, eta Errege Kopa titulua berreskuratzeko ametsak bizirik darrai.

Txapelketan aurrera jarraitzeko eta San Mamesera abantaila on bat eramateko Txingurrik jokalari hauek deitu ditu: Iraizoz, Aurtenetxe, Laporte, Erik Moran, Beñat, De Marcos, Ibai, Bustinza, Iago Herrerin, Susaeta, Iraola, Mikel Rico, Gurpegi, Aduriz, Viguera eta Aketxe.