Futbola Bilbon bueltan da zuri-gorriek hiru partida kanpoan jokatu eta gero. Aurrean Kordoba egongo da, Ligan azkenengo postuan dagoen taldea. Andaluziako taldeak ez du garaipenik eskuratu denboraldi honetan, eta Chapi Ferrer entrenatzailea kaleratu zuten. Egun aproposa dirudi Europako postuetan sartzeko.
Izan ere, gaur irabaziz gero, seigarren postuan ezarriko lirateke Valverderen mutilak, Malaga eta Vila-realekin bat. Taldea pasadan denboraldiko jokoa berreskuratzen ari da, apurka-apurka. Fisikoki taldea hobera egin du azken jardunaldietan eta defentsan egindako berebiziko lanak puntu pila ekarri ditu Bilbora. Halakoa da futbola esan ohi dute, bost gol sartu ditzakezu eta partidua galdu, baina golik jasotzen ez baduzu, gutxienez puntu bat zeurea izango da.
Lelo zahar, baina praktiko, horrekin ikusi dugu azken aldiko Athletic. Baina atzekaldean aldaketak egongo dira, denak behartutakoak. Etxeita eta Gurpegi min hartuta daude biak, eta San Jose izan daiteke Laporterekin bat hasierako hamaiakakoan egongo dena. Ezker hegalean Aurtenetxe egongo da Balenziagaren ordez, azkenengo partiduan bostgarren txartel horia ikusi zuelako. Pasadan urtean Celtan jokatu zuen jokalaria Alcoyanoren kontra jokatu zuen asteartean, baina ez zuen bere izena aldarrikatzeko meritu haundirik egin.
Kolokan dagoen beste jokalari garrantzitsua Aduriz da. Aurrelaria bizeps femoralean mina nabaritu zuen entrenamenduan, eta azken unerarte ez dakite partidua jokatzeko prest egongo den ala ez. Beste guztiak jokatzeko prest daude. Guillermo guztiz sendatu da, Viguerak Kopan berdinketaren gola sartu zuen, eta Iñaki Williams gazteak lehen taldearekin entrenatu du aste honetan, beraz, Adurizen postua eskuratzeko lehia bizia dago Lezaman.
Kordoba, bere aldetik, arazo larriagoak ditu. Denboraldi honetan hamalau partida jokatu ditu, eta oraindik ez du garaipenik eskuratu. Entrenatzaile berriak, Miroslav Djukic, aldaketak egin ditu hasierako hamaiakoetan, baina, hala ere, ez du gakoarekin asmatu. Horrez gain, San Mameseko partidurako bere jokalari onena galdu egin du, Fede Cartabria argentinarrak bere bostgarren txartel horia ikusi zuelako. Ghilasen sorbaldan geldituko da erasoaren pisu guztia, eta puntuak lortzeko premia ziur asko taldearengan antsietatea sortuko du.
Kordobaren joera benetan txarra izan arren, bostehun zale inguru etorriko dira San Mamesera beraien taldea babesteko gogoekin. Urteak eman dute maila desberdinetan izarren ligara berriz itzuli arte, eta denboraldi honetaz biziki gozatu nahi dute. Beraz, giro aparta espero da bihar, nahiz eta zubiak eta eguraldi txarrak zaleak kikildu dezakeen.